
Irizar eta Ampo kooperatibek Mondragon taldea uztea aztertuko dute asteotako batzarretan
Ekonomia
Goierriko bi kooperatibek datozen asteetan egingo dituzte batzar orokorrak, taldea utzi ala ez erabakitzeko.
arkaitz apalategi
Kooperatiben mugimenduko Goierriko bi ordezkari garrantzitsuk, Irizarrek eta Ampok, Mondragon taldea uztea erabaki dezakete datozen asteetan. Bi enpresa hauetan laister egitekoak diren batzarretan aztertuko dute gaia langileek. Arrazoiaz galdetuta, kooperatibako iturriek GOIERRIKO HITZAri azaldu diote «azkenaldian okerrera» egin duela Goierriko kooperatiben eta Mondragon taldeko zuzendaritzaren arteko harremanak.
Bi kooperatiba hauetako asanbladek Mondragon taldetik ateratzea erabakiko balute, azken urteetako joera hautsiko litzateke. Izan ere, azkenaldian gero eta kooperatiba gehiago sartu dira Arrasateko taldean. Irizarren zuzendaritza batzordea joan den ostegunean bildu zen, batzar orokorra deitzeko. Hilaren 29an egingo dute asanblada, Ormaiztegiko lantegian. Bertan erabaki beharko dute Mondragon taldean jarraitu ala ez. Ampok ere hainbat bilera egin ditu azken asteetan, lankideei Mondragon taldetik ateratzeak zer susposatuko lukeen azaltzeko. Izan ere, Kontseilu Errektorearen babesa du proposamenak, eta langileek ere, «proposamena aurrera ateratzeko aukera handiak» daudela uste dute. Hala ere, batzar orokorrak izango du azken erabakia. Hilaren 23an bilduko dira, Azkoitiako zineman.
Goikiden bat eginda
Irizarrek eta Ampok, Urolarekin batera, MCC taldeko Goikide saila osatu zuten duela bi urte. Hiru kooperatiba hauek, badute ordea berezitasun bat. Izan ere, Goikideren oinarria kudeaketa eredu berezi bat izan zen, eta ez gainontzekoen produkzio eredua. Saratxaga modeloan oinarritutako kudeaketa sistema darabilte hiru kooperatiba hauek. Kudeaketa sistema honi esker, azken urteetan emaitza ekonomikoak nabarmen hobetu dituzte Goierriko bi enpresek. Saratxagaren modeloa, nazioartean ezaguna bilakatu da bere eraginkortasuna dela medio. «Pertsonetan oinarritutako modeloa» da Saratxagak bere garaian Irizarren bultzatu eta gerora beste kooperatiba batzuetara zabaldu dena. Jerarkia sistemaren gainetik, langileen partehartzea eta taldelana bultzatzen ditu; baita bezeroarekiko harreman zuzena ere.
Sistema berriaren bultzada
Saratxagaren metodoa aplikatu duten hiru kooperatibek, krisi egoeratik ateratzea ez ezik, emaitza ekonomiko bikainak izatea lortu dute. Hamalau urtez egon zen Koldo Saratxaga Irizarren buru, eta krisitik aterata, gaur egun 435 milioi euroko fakturazioa du. Mundu osoan zehar dituen lantegietan, 3.900 autobus egin zituen iaz, eta Estatu espainiarreko merkatuan nagusitasun osoa lortu du. Europan ere gero eta indar handiagoa hartzen ari da, eta munduan zehar, 80 herrialdetan komertzialitzatzen ditu bere autobusak. Gaur egun 3.100 langile ditu, eta 2008an, bere irabaziak %15 igotzea espero dute.
Irizarrek bezala, Ampok eta Urolak ere garai ekonomiko zailetan egin zuten modelo honen aldeko apustua. Harrezkero, bi enpresa hauen egoera asko hobetu da, eta azken urteotan, emaitza bikainak lortu dituzte.
Ampok egoera ekonomiko zaila bizi zuen 2003an. Irizarren izandako emaitza onak ikusita, Saratxagaren modeloa martxan jartzea erabaki zuten. Ampoko arduradunen arabera, «tendentzia aldaketa nabarmena eta salmenten igoera» eragin zuen aldaketak. Emaitza ekonomikoak dira horren lekuko. 2007an, 190 milioi euro fakturatu zituen, eta aurten, kopuru hau %5ean igotzea espero dute. Gaur egun, 510 langile ditu; hauetatik 300 galdategian eta gainontzeko 210 lankideak balbulagintzan aritzen dira.
Plastikozko edukiontziak egiten dituen Urola kooperatibak ere antzeko egoera bizi zuen, sistema hau ezarri eta hobera egin zuten arte. Oraingoz, Urola kooperatibak ez du argitu Mondragon taldetik ateratzea aztertuko ote duten.
Batzar orokorrak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Lehiaketa
Gabonetako XX. krisma lehiaketa
URRETXU, Zumarraga-Urretxun - 2008-11-01
Musika
Doinua Musika Eskolako ikasleen kalejira
LEGAZPI, Kaleetan zehar - 2008-11-20
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.