
Gola eta igoera, azken minutuan
Ordizia
Cresporen azken minutuko golak eman zion garaipena Ordiziari; 30 urte eta gero, hirugarren mailara itzuliko dira.
arkaitz apalategi
Azken minutuan. Hala lortu zituen Ordiziak gola, garaipena eta hirugarren mailarako igoera. Eta Cresporen golarekin batera lehertu zen festa Ordiziako Altamira zelaian. Euripean, jokalari, tekniko eta zaletuak, denak berdegunera atera ziren garaipena ospatzera. Urdinek, taldearen historian ondo gordeta geldituko den titulua lortu zuten atzo. Hogeita hamar urte eta gero, Ordiziak hirugarren mailan jokatuko du berriro ere.
Azken minutura arte ez zen erabaki Zumaiakoren aurkako partida. Ordiziarrak gehiago izan ziren partidan zehar, eta areara ere behin baina gehiagotan iritsi ziren, baina ez zuten asmatu izandako gol aukerak aprobetxatzen. Bigarren zatiko 46. minutuan, partida hutsean amaituko zela zirudienean ordea, Crespok garaipenaren gola egin zuen ordiziarrentzat. Epaileak minutu bat besterik ez zuen luzatu partida, baina minutu luzea izan zen Altamiran bildutako zaleentzat. Izan ere, falta jaurtiketa batean, azken aukera bat izan zuen Zumaiakok, baina baloia kanpora joan zen azkenean.
Epaileak azken txistua jo orduko, benetako festa bihurtu zen Altamirako zelaia. Partida guztian jokalariak animatzen egon zen publikoa, eta azkenean, eurek ere merezitako saria jaso zuten. Euria eta txaloak, dena batera etorri zen. Futbolari, entrenatzaile eta Ordizia Kirol Elkarteko gainontzeko tekniko guztiak zelaiaren erdialdera atera ziren. Baita partida ikusten ari ziren gaztetxo eta zaletuak ere. Jokalarien arteko besarkadak, entrenatzailea airetan botatzea, taldeko argazkiak, dena izan zen festa eta ospakizuna, dena izan zen eromena ordiziarrentzat.
Iluntzean, herrian bertan jarraitu zuten ospakizunek. Datozen egunetan ere, ligako titulua eta hirugarren mailarako igoera ospatzeko ekitaldi gehiago izango dira.
Denboraldi onari bukaera
Talde urdinak egindako denboraldi bikaina egin du aurten, eta atzoko garaipenarekin borobildu zuen festa. Guztira, 21 garaipen eta 70 puntu lortuta, preferente mailako titulua irabazi dute ordiziarrek.
Ruben Vazquezen mutilek lorpen handia egin dute, taldearen historiara pasako den garaipena lortu baitzuten atzo. 30 urteren ondoren, hirugarren maila jokatuko du berriro ere Ordiziak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Lehiaketa
Gabonetako XX. idazlan lehiaketa
URRETXU, Urretxu-Zumarragan - 2008-11-01
Musika
Ordiziako Musika Eskolaren kalejira
ORDIZIA, Ordiziako kaleetan - 2008-11-20
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.