
Gabirondo anai-arrebak nagusitu dira Sega Ligako lehenengo jardunaldian
Zerain
Sega Ligako bigarren jardunaldirako 29 puntu lortu ditu Joxe Gabirondok, eta Maria Luisak 10 puntu.
estitxu imaz
Herenegun jokatu zen Zerainen I. Sega Ligako aurreneko jardunaldia, seitatik lehena. Joxe Gabirondo eta Maria Luisa Gabirondo anai-arrebek gizonezkoetan eta emakumezkoetan irabazita, sasoi betean daudela garbi utzi dute.
Arratsaldeko bostak eta erdietan hasi zen norgehiagoka. Gizonezkoetan 29 pertsona daude izena emanda ligan, baina herenegun 28 izan ziren, Iñaki Izagirre zaldibiarrak ezin izan baitzuen parte hartu.
Gizonezkoek 100 metro koadroko (10x10) saila ebaki behar izan zuten, nazioarteko eran. Egindako denbora eta epaileen puntuaketa kontuan hartuta, guztira 3 ordu, 22 minutu eta 8 segundoko egin zituen Gazteluko segalariak. Bigarren postuan Jexux Mari Lasa legorretarra geratu zen, 3 ordu 35 minutu eta 25 segundoko denbora eginda. Hirugarren, berriz, Juan Joxe Lizaso asteasuarrak egin zuen 3 ordu, 52 minutu eta 41 segundoko denborarekin.
Tomas Aldasoro Almitza elkarte antolatzaileko kideak jakitera eman duenez txukuntasuna ere baloratzen dute, eta horri begira zigor gutxien jaso zuen segalaria Arkaitz Arteaga izan zen. Baliarraingo gaztea sailkapen orokorrean laugarren geratu zen.
Ligan parte hartzen ari diren gizonezkoen kopurua 29koa denez, behin lehendabiziko jardunaldia bukatuta hurrengo saiora begira Joxe Gabirondok 29 puntu izango dituz, Jexux Mari Lasak 28, Juan Joxe Lizasok 27 eta horrela puntu guztiak banatu arte. Izena emanda egon arren parte hartu ez zuen segalariak ez du punturik jasoko.
Emakumeetan zazpi segalarik parte hartu zuten
Emakumezkoetan 10 kide daude izena emanda I. Sega Ligan parte hartzeko. Herenegungo jardunaldian hiruk ez zuten parte hartu, Aloña Galarraga idiazabaldarrak, Naroa Geresta zizurkildarrak eta Ainhoa Ansa aranoarrak, hain zuzen.
Parte hartu zuten zazpi emakumezkoek 50 metro koadroko (7x7) saila ebaki behar izan zuten. Denborak eta epaileen puntuaketa kontuan hartuta Maria Luisa Gabirondo (Gaztelu) izan zen lehendabizikoa, 2 ordu, 45 minutu eta 43 segundoko denborarekin. Ainhoa Mazkiaranek (Altsasu) bigarren bukatu zuen 3 ordu eta 12 minutuko denborarekin; eta hirugarrena Arrate Garin legorretarra izan zen 3 ordu, 28 minutu eta 58 segundorekin.
Izena emanda dauden segalari emakumezkoen kopurua 10ekoa denez Maria Luisa Gabirondok momentuz 10 puntu izango ditu, Ainhoa Mazkiaranek 9, Arrate Garinek 8, Josune Gorostidik 7, Iurre Olanok6, Irati Astondoak 5 eta Ixabel Ansak 4. Aloña Galarraga, Ainhoa Ansa eta Naroa Gerestak momentuz punturik gabe daude, parte hartu ez dutelako.
Hurrengo saioa Igorren da
Sega Ligaren barruan hurrengo jardunaldia ekainaren 15ean izango da, Igorren (Bizkaia). Antolatzaileek jakitera eman dutenez jardunaldi bakoitzean lortutako puntuen pilaketak erabakiko du azken sailkapena. «Beraz, izena emango duten segalariei komeni zaie ahalik eta jardunaldi gehienetan lehiatzea».
Azkenik antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Zeraingo Udalari eta Mahala baserriko produktu etxeari, hori arduratuko baita ligan zehar hiru lehen gizonezko eta emakumezkoei sariak emateaz.
sailkapena
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
'Kanabisa. Jakin behar dena' erakusketa
ORDIZIA, Barrena kultur etxean - 2009-01-08
Musika
10. urteurrenaren barruan antolatutako kontzertua
LEGAZPI, Latxartegi aretoan - 2009-01-11
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.