
Amodio galduaren minaz 'Bi hitz' idatzi du Goiak
Segura
Nora ezean dabilen neska baten bidea kontatzen du Garazi Goia segurarrak bere lehen eleberrian.
erik gartzia -- Berria
Bi hitz. Izenburu horixe eman dio Garazi Goiak (Segura, 1978) bere lehen eleberriari. Hitz gutxitan gauza asko esan daitezke, eleberri bat osatzeraino. Goia Londresen bizi da eta lehen lana sortzeko inspirazio iturri izan du.
Goiak Bi hitz eleberriko protagonista Berlinen «amodioa galdu duen neska bat» dela esan du. Alemaniatik Londresera joango da, eta han beste bizitza bat hasteko aukera du. Beste bizitza bat, baina bakardadean. «Bakardade sentimendu horrek beti darama protagonista atzera; ahaztea ahaztu zait esaten da askotan liburuan, protagonistak ezin baitu ahaztu bere erlazioa».
Amodio hori berreskuratzeko, «edozein gauza egiteko gai da protagonista, obsesionatua bizi da, bere maitale ohiaren maitasuna beste batekin konpartitzeko prest egotera iritsi arte». Obsesio horren egunkaria da eleberria, eta bertan protagonistak bere sentimenduak islatzen ditu: eromena, beldurra, bakardadea, sexurako grina, mina...
Liburuko protagonista, Londresen dagoela, «askotan galdua sentitzen da, nora ezean dabil eta era askotako esperientzia eta harremanak probatuko ditu, eta, hala ere, galdutako amodioaren presentzia nahitaezkoa zaioa konturatzen da», Goiak dionez.
Eleberria bertan agertzen diren pertsonaia askok egituratzen dute, «pertsonaiari bizitza baldintzatzen dioten iradokizunak» egiten dizkiotela azaldu Goiak. «Obsesioa ahazteko terapia bat aholkatuko dio Michael izeneko pertsonaiak, alfabetoko 27 hizki bakoitzarekin gauero hitz bat idazteko». Eskutitzek ere presentzia handia dute, baita maitale zibernetiko batek ere.
Prosa freskoa
«30 urteko neska gazte bati dagokion moduan» eleberria «prosa fresko, bizi batean» idtzia dagoela dio Alberdaniako Inazio Mujika Iraolak. «Modu eraginkor batean antolatutako oso esaldi laburrak ditu», baina bat bera sobera gelditzen ez dela gaineratu du Mujika Iraolak. Kontakizuna «era alai batean» egiten du, nahiz eta Goiak «errealitate gordina» duen mintzagai. Bi hitz, nola ez, luzatu zizkion Garazi Goiari: «Jarraitu idazten».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Lehiaketa
Gabonetako XX. idazlan lehiaketa
URRETXU, Urretxu-Zumarragan - 2008-11-01
Musika
Kalejira
LEGAZPI, Kaleetan zehar - 2008-11-20
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.