
Itunpeko zentroek lanuzteak egin dituzte finantzazio akordio berria eskatzeko
Irakaskuntza
Goierrin ikastoletan izan du eragin handiena lanuzteak; akordioak lan baldintzen hobetzea ekarriko luke, sindikatuen arabera.
arkaitz apalategi
ELA eta LAB sindikatuek egindako deialdiari erantzunez, Goierriko itunpeko hainbat ikastetxetan lanuzteak egin zituzten atzo. Protestaren helburua Eusko Jaurlaritzari «langileen lan baldintzak hobetzea ahalbidetuko lukeen finantzazio akordio berri bat» eskatzea izan da. Itunpeko irakaskuntzaren sektorean gehiengo zabala dute bi sindikatuok, eta deialdiaren eragina nabarmena izan da.
Eskualdeari dagokionez, ikastoletan nabaritu da batez ere lanuztearen eragina. Hala, Lazkaoko San Beniton, Urretxu-Zumarraga Ikastolan edota Ordiziako Jakintzan arratsalde osoan zehar egin zituzten lanuzteak, 14:30ean hasita. Zentro horietan zerbitzu minimoak eskaini zituzten.
Ikastetxe erlijiosoei dagokienez, egoera bestelakoa izan zen eskualdeko zentroetan. Izan ere, Beasaingo eta Zumarragako La Salle ikastetxeetan ez zuten lanuzterik egin.
Finantzazio eredu berria
ELA eta LAB sindikatuek azaldu dutenez 1992ko markoa «agortuta» dago. Hala, sindikatuen ustez, «itunpeko zentroetako finantzazio eredua oinarri hartzen duen egungo markoa ez da inondik ere nahikoa itunpeko sareko langileriaren gaurko eta etorkizuneko beharrei aurre egiteko».
Finantzazio akordio berri baten oinarrizko ildoak «2005ean bi sindikatuek eta ikastolen sektoreko Patronalek sinatutako Dedikazio Akordioa» dela uste dute. Testu horrek, finantzazio akordio berri batek nahitaez jaso beharko lituzkeen bi alde azpimarratzen ditu; batetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko langileariarekiko lan-sariekin berdintzea eskatzen dute. Bestetik, lanaldi lektiboaren murrizketa, «itunpeko zentroetako irakasleek lan ordu gehiago egiten baitituzte».
ELAk eta LABek diotenez, «badirudi badabilela proposamen zirriborro bat», baina oraindik akordioa lortzetik oso urrun daudela aitortu dute. Hezkuntza Administrazioak eurekin ez duela akordioa negoziatzeko «inolako harremanik» izan salatu dute, «eta hori ezinbestekotzat jotzen dugun baldintza da».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikus-entzunezkoa
'Te doy mis ojos' filma
ITSASONDO, Itsasondoko eskolan - 2008-11-21
Ikus-entzunezkoa
'La banda nos visita' filma
ATAUN, San Gregorioko Elkargunean - 2008-11-21
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.