
Argizaiola sariak Beasainen banatuko dituzte aurten
Kultura
Euskal Herriko Argazkilari Taldeen elkarteak urteroko batzarra eta sari-banaketa egingo du larunbatean.
maider del olmo
Euskal Herriko argazkilari onenetako batzuk bilduko dira asteburuan Beasainen, Argizaiola lehiaketako sari-banaketan. Aurten urteroko ekitaldia Beasainen egitea erabaki du Euskal Herriko Argazkilari Taldeen elkarteak, elkartea sortu zenetik aurreneko aldiz, eta Beasaingo Argizpi argazki taldea arduratu da antolaketaz.
Ekimenari hasiera emateko larunbat goizeko bederatzietan Iturralde plazan harrera egingo diete elkarteko kideei, eta Argizaiola 2007 izenburupeko erakusketa inauguratuko dute ondoren. Jarraian, hamarrak inguruan, udaletxerako bidea hartuko dute, han ekitaldia egiteko.
Beasain ezagutuz
Igartzako monumentu multzora bisita ere egingo dute, hango ondarea ezagutzeko. Artzaienea jatetxean bazkalduko dute denek elkarrekin. Bazkaria bukatutakoan Joseju Gurrutxagari eta Asier Castrori Espainiako Argazkilarien Federazioaren aldetik sariak emango dizkiete, eta Argizaiola 2008 lehiaketako saridunen izenak emango dituzte jakitera gero.
Batzarrean, sariak banatzeaz gain, urteko kontuak aurkeztuko dituzte, eta baita datorren urterako aurrekontua ere, egindako ekintzen zerrenda aztertuko da eta etorkizunerako antolatu direnak aurkeztuko dira.
Argizaiola lehiaketaz
Txapelketen arteko txapelketa da Argizaiola lehiaketa. Euskal Herrian antolatzen diren bederatzi argazki txapelketatakoren batean saridun izan beharra dago aldez aurretik bertara aurkeztu ahal izateko. Sarituen saria da, horrenbestez.
Lehiaketako argazkiekin CDa ateratzen dute urtero, eta aurten ere kaleratuko dute. CDarekin batera erakusketa ibiltari baten bitartez herriz herri Argizaiola lehiaketara aurkeztutako argazki sorta eramango dute. Argazkilari bakoitzaren argazki bat aukeratzen dute erakusketan jartzeko. Euskal Herriko Argazkilari Federakuntzak horretarako tokian tokiko bazkideen laguntza izaten du. Argazkilarien elkartea legez sorturiko kultura elkartea da. Bertako partaide dira Euskal Herriko taldeak, elkarteak eta lagunarteak; tartean baita Beasaingo Argizpi elkartea ere, aurtengo batzarraren antolatzailea dena.
Helburuak
Federakuntzaren helburu nagusiak ondorengoak dira: argazkilari elkarte desberdinen arteko loturak indartzea; argazki lehiaketen egunean egunekoak zuzenak izan daitezen irizpideak eragitea; argazkilaritza eta argazkizaletasuna Euskal Herrian sustatzea; eta nazio mailako nahiz nazioarteko argazki ekintzak antolatzea.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikastaroa
Adimen-Gimnasia ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Jubilatuen egoitzan - 2008-10-14
Hitzaldia
Mari Karmen Garmendiaren 'Gizartea eta hezkuntza' hitzaldia
ORDIZIA, Ordiziako Jubilatuen egoitzan - 2008-11-20
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.