
Ampoko langileen gehiengo zabalak babestu du Mondragon Taldetik ateratzeko proposamena
Idiazabal
Batzar Nagusia egin zuten atzo Ampoko langileek; %90ek babestu du proposamena, eta irten egingo da enpresa taldetik.
arkaitz apalategi
Ampoko langileen gehiengoak babestu zuen atzo Kontseilu Errektoreak egindako proposamena. Hala, Mondragon Taldea utzi egingo du Idiazabalgo kooperatibak. Enpresaren arduradunek azaldu dutenez, Amporen «gestio eredu berezia» mantentzearen aldeko apustua egin dute, kooperatibagin- tzaren izaera eta baloreei eutsiz, baina Mondragon Taldearen interpretaziotik aldenduta.
Atzo goizean egin zuten batzar nagusia kooperatibako langileek eta bazkideek. 400 lagun inguru bildu ziren Azkoitiko zineman. Bozketaren unea iritsi zenean askok espero zutena baieztatu zen; Kontseilu Errektorearen proposamenak babes zabala jaso zuen. Bozkatu zuten 375 lankideetatik 295ek aldeko botoa eman zuten. Mondragon taldetik ez irtetearen aldeko bozak, berriz, 53 izan ziren. Beste 27 lankidek boto zuria eman zuten.
Kontseilu Errektoreko lehendakari izaten jarraituko duen Jon Agirre lazkaotarrak azaldu duenez, hainbat komunikabidek zabaldu dutenaren kontra, «ez dugu arazorik izan ez beste pertsona batzuekin, ezta beste kooperatiba batzuekin ere». Hala ere, Arrasateko zuzendaritzarekin «ia etengabe talka» egin dutela aitortu du Agirrek. Bestalde, euren «gestio eredua berezia» dela dio, «berritzailea eta Mondragon Taldeko beste kooperatibetatik desberdina».
Agirreren hitzetan, kooperatibagintzaren betiko baloreak defenditzen jarraituko dute. Bere iritziz «pertsonak dira» modelo berezi horren oinarria. «Sozialki laguntzak ematen jarraituko dugu, lehen bezainbesteko laguntzak ematen jarraitzeko konpromisoa hartu dugu». Mondragon Taldetik aterata ordea, Amporen eremua Goierri aldean kokatuko da batez ere, eta eskualdeko proiektuak babestuko dituzte.
Atzo goizeko batzarrean, Mondragon Taldea uzteko erabakiaz gain, Kontseilu Errektorea berritzeko proposamena ere babestu zuten langileek. Jon Agirrek jarraituko du kontseiluko lehendakari, eta Eneko Galarza izango da lehendakariorde berria. Xabier Iturriozek jarraitu egingo du idazkari postuan.
Atzoko erabakien ondoren, bide berri bati ekingo dio Idiazabalgo Ampo kooperatibak. Orain, Ormaiztegiko Irizarrek ere bide bera hartzen duen ikusi beharko da.
Irizarren txanda
Ampok Mondragon Taldea uztea erabaki ondoren, Irizarko langileen txanda izango da orain. Datorren ostegunean, hilak 29, egingo dute batzar nagusia, Ormaiztegiko lantegian bertan. Ampoko erabakiak bultzada eman diezaioke Mondragon Taldetik ateratzeko proposamenari, baina hori langileek erabaki beharko dute.
Ampok eta Irizarrek Goierriko hainbat kooperatiba biltzen zituen Goilan taldea osatu zuten duela zenbait urte. Gorabehera ugari izan zituzten biek 1990eko hamarkadan eta 2000.eko lehen urteetan. Egoera ekonomiko kaskarretik egungo egoerara eman duten jauzia, hein handi batean, Koldo Saratxagaren kudeaketa ereduari esker izan da. Lehenengo Irizarrek eta gero Ampok, biek jarraitu dituzte Saratxagaren pausoak, eta horrekin batera bi kooperatiben egoera ekonomikoak ere jauzi handia eman du azken urteotan.
datua
jon agirre
Kontseilu Errektoreko lehendakaria
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
"Zumarragako txokoak"
ZUMARRAGA, Zelai Arizti erakusketa aretoan - 2009-06-19
Ikastaroa
Tenis ikastaroa
IDIAZABAL, Idiazabalen - 2009-06-29
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.