Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

'Landagipuzkoa' programak 40 milioi euro banatuko ditu herri txikien artean

Goierri

Foru Aldundiko arduradunek atzo aurkeztu zuten programa berria Gaintzan; mila biztanletik beherako herrientzat.

arkaitz apalategi

Mila biztanle baino gutxiago bizi diren herrietan garapen proiektuak bultzatzeko egitasmoa aurkeztu zuen atzo Foru Aldundiak. Landagipuzkoa 32 programaren bidez Gipuzkoako 32 herri txikienetara 40 milioi euro bideratuko ditu. Goierrin mila biztanletik beherako bederatzi herri daude.

Herri txikiak «berrindartzeko» helburua du programak, eta biztanlez Goierriko herri txikienean, Gaintzan, aurkeztu zuten atzo, Diputatuen Kontseiluak han egin zuen bileraren ondoren. Inazio Garmendia alkateak egin zien ongietorria Foru Aldundiko diputatuei. Markel Olano ahaldun nagusiak azaldu zuenez, egitasmoarekin «herri txikiei egindako lanaren onarpena eta elkarlanerako proposamena» egin nahi die. Lurraldearen oreka bermatu beharra dagoela azpimarratu zuen. «Gipuzkoa osoko biztanleek antzeko bizi-baldintzak izatea lortu nahi dugu, eta mila biztanletik beherako herriei bultzada eman».

Landa Garapenerako diputatu Rafael Uribarrenek «proiektu estrategikoa» dela azaldu zuen. «Baina hitz soiletan gelditu ez dadin, diruz hornitutako benetako apustua egin nahi izan dugu». Hala, Gipuzkoako 32 herri txikietako proiektuak laguntzeko 40 milioi euro bideratuko dituzte. Uribarrenek azaldu zuenez, herri txikiek aurrekontu eta gestio arloetan izaten dituzte arazo nagusiak.

Datorren astean argitaratuko dituzte diru laguntzak eskatzeko oinarriak. Batetik, etxebizitza eta azpiegitura balioanitzak egiteko proiektuak lagunduko dituzte; bestetik, baserri-bideak eta uraren inguruko azpiegiturak.

Hurrengo pausoa proposamenak egiteko epea zabaltzea izango da. Udal bakoitzak bere proiektuak aurkeztu beharko ditu, eta ondoren Foru Aldundiak erabakiko du zein egitasmo lagundu eta zeini eman lehentasuna.



 


«Proiektuak baditugu, bitartekoak falta dira»

a. apalategi



Goierriko herri txikienetako alkateak ere izan ziren atzo Gaintzan, Landagipuzkoa 32 egitasmoaren aurkezpen ekitaldian. Gehienek, begi onez ikusi dute egitasmoa, «herri txikietan azpiegitura aldetik dagoen gabezia» estaltzen lagunduko duela uste baitute.

Arama da herri txiki horietako bat. Mari Jose Olazabal alkateak «itxura ona» hartu dio egitasmoari. «Herri txikietan proiektuak baditugu, baina bitartekoak falta dira». Foru Aldundiak «apustu serioa» egin duela uste du: «Aldundiko sail desberdinek bultzatzen dute, eta hori garrantzitsua da».

Altzagako alkate Imanol Mujika ere uste berekoa da. «Irtenbiderik ikusten ez zaielako baztertuta dauden asmoak aurrera ateratzeko aukera emango du, batik bat, etxebizitzaren eta lur erosketen ingurukoak».

Inazio Garmendia Gaintzako alkateak ere «oso positiboa» dela dio. «Azpiegitura aldetik dago hutsunea, eta gure aurrekontuekin ez gara iristen behar horietara». Egitasmoa gabezia horien erantzuna dela uste du Garmendiak.





herri txikiak



Goierrin mila biztanletik beherako bederatzi herri daude:

Altzaga. 156 biztanle.

Arama. 184.

Ezkio-Itsaso. 570.

Gabiria. 434.

Gaintza. 136.

Itsasondo. 610.

Mutiloa. 218.

Olaberria. 936.

Zerain. 248.



 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa