
Goi mailako abesbatzak elkartuko dira Abesbatza Kantuen Sari Nagusian
Zumarraga
Antigua Abesbatzak Sari Nagusiaren hamargarren ekitaldia Antioko elizan jokatuko da asteburuan.
idoia luzuriaga
Abesbatza Kantuen Sari Nagusiaren hamargarren aldia Zumarragan jokatuko da asteburu honetan. Maila handiko abesbatzak izango dira Antioko elizan kantari, bertan lehiaketa desberdinetan irabazle izan diren taldeek hartuko baitute parte.
Antigua Abesbatzak Sari Nagusia urte bakoitzean bertan parte hartzen duten lehiaketen egoitzetan egiten da, hau da, Ejea de los Caballeros, Torrevieja, Griñon, Molina de Segura, San Vicente de la Barquera eta Zumarraga. Aurten Zumarragari egokitu zaio egoitza izatea.
Larunbata eta igandea
Larunbatean arratsaldeko bostetatik aurrera egingo da lehiaketa, eta abesbatzek norgehiagorako prestatutako kantu sorta eskainiko dute, polifonia eta folklore sailetan. Igande eguerdian Sari Nagusiko irabazlearen berri emango dute. Antigua Abesbatzak lehiaketak lekukoa pasako dio hurrengo Sari Nagusia antolatzeaz arduratuko den egoitzari, San Vicente de la Barquerari (Espainia).
Igandean, polifonia eta folklore sailetako eta sari nagusiaren irabazleen izenak eman aurretik, kontzertu bat emango dute abesbatzek. Atarikoan Zumarragako Goiargik parte hartuko du.
Sari nagusian sail bakoitzeko (polifonia eta folklorea) mila euroko sari bana emango dute. Bi arloetan temandako puntuak batu eta gehien lortu dituenak eramango du Sari Nagusia Zumarraga 2008 lehiaketa. Abesbatza horri 2.000 euro emango zaizkio.
Lehiaketan lehen mailako parte-hartzaileak badaude ere, kontuan hartu behar da izen handiko lehiaketetako irabazleak direla. Epaimahaiak ere azpimarratzeko ibilbidea dauka.
Epaimahaiko kideak
Epaileen artean Jesus Egiguren musikagile eta irakaslea izango da. Musika kritiko bezala aritzen da hedabideetan, eta behin baino gehiagotan izan da abesbatzen Sari Nagusiko epaimahaikide. Harekin batera Alejandro Yague egongo da. Salamancako Goi Mailako Kontserbatorioan Konposizio katedradun osoa da.
Juan Luis Martinez, hirugarren epaimahaikidea, Zaragozako Goi Kontserbatorioan Orkestra Zuzendaritzako katedratikoa, Turiae Cameratako zuzendari eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak antolatutako ikastaroetan irakasle izan da, besteak beste.
Johan Duijck eta Vasco Negreirosek osatzen dute epaimahaia. Lehenari izen handiko musika taldeak zuzentzeko deitzen diote eta musikagile eta pedagogia mailan ibilbide ezaguna du. Negreiros portugaldarra Musika Zuzendaritza eta Teoriako irakaslea da Aveiroko Unibertsitateko komunikazio eta Artearen sailean.
Sari Nagusiaren aurkezpen ofiziala gaur egingo dute Zumarragan eta Donostian. Anton Arbulu Zumarragako alkateaz gain, Jesus Mari Aierdi Antigua Abesbatzak Lehiaketako idazkari nagusia izango dira azalpenak ematen.
Autobusa
Larunbatean eta igandean doaneko autobusa egongo da Antiora joateko. Emanaldiak hasi baino ordu erdi lehenago irtengo da Zumarragako elizatik (16:30 eta 11:30).
parte-hartzaileak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Ordiziako Musika Eskolaren kalejira
ORDIZIA, Ordiziako kaleetan - 2008-11-20
Festak
Artisau erakusketa
ORMAIZTEGI, Ormaiztegin - 2008-11-23
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.