Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Urretxun ez dute udal aurrekontua onartu, eta iazkoa luzatu beharko dute

Udala

Ekainaren 5ean, bestetik, bozkatuko dute EAJk eta PSE-EEk sartutako «mozio etikoa» ezohiko osoko bilkuran.

miriam luki

Herenegungo osoko bilkuran landu zituen Urretxuko Udalbatzak aurtengo aurrekontuak, udal gobernuak aurkeztuta. Beste alderdi guztiek, Ezker Batua-Aralarrek salbu, ezezkoa eman zioten ezker abertzaleak aurkeztutako txostenari. EB-Aralarreko Jose Andres Martin abstenitu egin zen.

Iñaki Zabala alkateak maiatzera arte aurrekontuak aurkeztu ez izana «oso normala ez» dela-eta bi arrazoi eman zituen. Alde batetik, gobernu taldearen «eskarmentu falta» egon da tartean, Zabalaren arabera. «Otsaileko osoko bilkurara ekarri behar genituen, baina martxoan hauteskundeak izan ziren eta sortutako giroak nahastu egin zuen aurrekontuen tramitazio normala. Alderdien jokaera maltzurra ere egon da tartean». Horrez gain, hauteskundeen ondoren «egoera normalean ez» daudela adierazi zuen.

Alderdiek zer bozkatuko zuten bazekiela esan zuen alkateak aurrekontu-txostena aurkeztu aurretik; ezezkoa jasoko zutela, alegia. «Baina horregatik Udalean hondamendirik ez da izango, legeari jarraiki iazko aurrekontuak luzatuko ditugu».

2007ko udal aurrekontuak onartu zituztenean 8.052.000 eurokoak ziren, baina Udalak 9.116.000 euro gastatu zituen, urtean zehar zenbait aldaketa izan baitziren. Horrela, alderdi gehienek udal gobernuaren aurrekontuei emandako ezezkoak aurtengo aurrekontuak 9.116.00 euroan utziko ditu; iaz gastatu zena, hain zuzen ere.

Udal gobernuak 8.195.316 euroko aurrekontua aurkeztu zuen herenegun osoko bilkurara. Aurrekontu horietan helburua gastuak diru sarrerekin berdintzea izan dela azaldu du alkateak.

Lurzorua erostea

Onartu gabe geratu diren aurrekontuetan diru-sail garrantzitsuena lurzorua erostera bideratuta zegoen. Gainzuri eskolaren atzean dagoen horma bat indartzea ere aurreikusten zuen, eta zirkulazioaren azterketatik ondorioztatutakoa burutzeko beharrezkoa den inbertsioa egitea.

Udaleko langile taldea handitu egin da legealdia hasi zenetik, Udaltzaingoan adibidez. Langile kopurua handitzeko diru-sail bat ere zehazten zen. Gizarte arlorako eta kulturarako laguntzaileak kontratatzeko asmoa dute, eta hori aurrekontuetean islatzen zen.

Beste alderdien artean ika-mika handiena sortu zuen gaia aholkulariena izan zen. EB-Aralarreko ordezkariak «aurrekontuen zati handia kanpoko enpresen kontrataziora joatearen kontra» daudela esan zuen, besteak beste, eta abstenitu egin zen.

EAJko Itziar Agirrek aurkeztutako aurrekontuak parte-hartzaileak ote ziren galdetu zion udal gobernuari. «Beste alderdien proposamen bat bera ere ez duzue txertatu. 300.000 euro baino gehiago aholkularitzan eta alkatearen soldatan gastatzea gehiegizkoa da». Horregatik, besteak beste, ezetza emango zutela esan zuen Agirrek. EAko Jose Mari Letek, bere iritziz udal gobernuak ondo egindakoak esan eta gero, aurrekontuei ezetza emango zietela adierazi zuen: «Aholkularitzetako gastu horiek guztiak aurreko arauak atzera bota izanaren ondorioa dira». PSE-EEko Gema Zabaletak ez zuen hitz egin nahi izan.

Mozioaren inguruan

Osoko bilkura gogoeta batekin hasi zuen Iñaki Zabalak, mozioen inguruan egina. Izan ere, ekainaren 5ean, osteguna, PSE-EEk eta EAJk sartutako «mozio etikoa» eztabaidatuko dute Urretxuko udalbatzarrean, ezohiko bilkuran.

«Zentsura moziorik ez dugu behar, ez dira zilegiak. Alderdi batzuek bozkekin lortu ez dutena lortu nahi dute beste bide batzuetatik. Herri honek ezin du hori ametitu», esan zuen alkateak.

PSE-EEko Gema Zabaletak erantzun egin zion, eta bere alderdiaren jarrera zein den agertu zuen: «EAJrekin batera mozio bat sartu dugu, zentsura mozioa ez dena, eta horren bitartez joko politikoaren arauak zeintzuk diren zehaztu nahi dugu. Hori aurretik argitzea ezinbestekoa dela uste dugu eta horregatik gaur puntu guztien kontra bozkatuko dugu. Gutxiengoan zaudenean zaila da udala kudeatzea, baina ezinezkoa da gutxieneko izendatzaile komunik ez dugunean udal politika aurrera ateratzea».

Zabalak argi eta garbi utzi nahi izan zuen bere taldeko kideak ez direla hilketen erantzule, eta bakoitza bere «posturaren erantzule» dela gaineratu zuen. «Datorren asteko osoko bilkuran honi guztiari buruz eztabaidatzeko parada izango dugu».

 

Gazteen lokalak arautzeko ordenantza



Herenegungo osoko bilkuran koadrilen lokalak arautzeko ordenantza onartu zuen Udalbatzaren gehiengoak. Udal gobernuak aurkeztutako proposamena berretsi zuten EAJk, EAk eta EBk. PSE-EEk ezetz bozkatu zuen, osoko bilkuraren hasieran puntu guztien kontra bozkatuko zutela iragarri baitzuen alderdiaren Urretxuko bozeramaile Gema Zabaletak.

«Gune hauek ez ditugu kontrolatzen, eta kontrolatu behar ditugu nahitaez», esan zuen Iñaki Zabala alkateak. «Gaztetxoentzako aisialdirako proiektu bat proposatzeko asmoa daukagu Zumarragarekin batera». EBko Jose Andres Martinek araudia «oso estua ez» dela eta onartuko zutela esan zuen, EAJko Itziar Agirrek adierazi zuen gazteei ordenantza «oso ondo azaldu» behar zaiela, eta EAko Jose Angel Lizarraga, bere aldetik, bat etorri zen EAJrekin «ondo informatu behar» dela esaterakoan. Araudiak lokalek bete behar dituzten baldintzak zeintzuk diren zehazten du, indarrean dauden arau subsidiarioei jarraiki. Gazteei dagokienez, ordutegia eta lokalen erabilerarako balditzak zehazten ditu besteak beste.

 

Jasotako erantzunak:

1

.... | 2008-05-28

Jose Angelek esan zuena izan zen Pedagojia erabili behar dela proiektuak inposatu gabe. ----------- GAZTEEN IRITZIA JASO BEHAR DEZUTE. EZ DA JUSTOA!!!! ARAU HOIEK EZ!!

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa