
Zinemaz bustitako gauak
Legorreta
Sustraiez Blai jaialdiaren atarian, herrialde banatako lau filmez osatutako zikloa antolatu dute Legorretan.
arkaitz apalategi
Ekainaren 28an ospatuko da Sustraiez Blai jaialdia Legorretako Harripila kiroldegian. Urtero bezala Euskal Herriko eta munduko musiken topagune izango da jaialdia, eta besteak beste Fun Da Mental, Fanfare Vagabontu eta Gose taldeek parte hartuko dute. Musika jaialdiaren aurretik, ordea, zinema emanaldiekin berotuko dute giroa Legorretan.
Zinemaz Blai izena jarri diote ekainerako antolatu duten emanaldi sortari. Guztira lau pelikula emango dituzte, Euskal Herriko zein atzerriko ekoizpenak uztartuz. Film horien bidez jaialdiaren espiritu eta helburu berberak jorratu nahi dituzte antolatzaileek; hala, munduko errealitate eta kultura desberdinak gerturatzen saiatuko dira lau emanaldietan.
Zinemaz Blai zikloko film guztiak ekaineko ostegun gauetan eskainiko dituzte. Proiekzioak Legorretako Herri Zineman izango dira, gaueko 21:00etan hasita. Sarrera, berriz, doan izango da emanaldi guztietan.
Lau film, lau errealitate
Zinemaz Blai ziklorako antolatu dituzten lau filmetako bakoitzak bere herrialdeko errealitate bat erakusten du. Denak ere gai sozialetan oinarritzen dira, eta besteak beste lan gatazkak, gerra egoerak, pobrezia edota maitasunaren gaiak lantzen dituzte.
Aurreneko filma Euskal Herrian eta euskaraz egindako azken ekoizpenetako bat da. Alberto J. Gorritibereak zuzendu zuen Eutsi! filma, eta joan zen urtean Euskal Herri osoan ikusi ahal izan zen. Lan gatazka baten ondorioz kalean gelditzeko arriskuan dauden bi lagunek Frantziako Tourrera eramango dute euren protesta, kazetari gazte batek lagunduta. Baina bertako gaiak ez ezik, beste herrialde batzuetako errealitatea ere erakutsi nahi dute. Emir Kusturica zinemagile ezagunaren eskutik, Serbiako gizarte desorekak azalduko dituzte. Bahman Ghobadik, berriz, Kurdistango egoera azalduko du, musikari talde baten begietatik. Azkenik, Tony Gatlifek Errumaniara doan frantziar baten historia irudikatuko du.
zinemaz blai 2008
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Antzerkia
Antzerki emanaldia
LEGAZPI, Latxartegi aretoan - 2008-11-21
Musika
Santa Zeziliako Kontzertua
LEGAZPI, Parrokian - 2008-11-22
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.