Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Irizargo langileen %75ek babestu du Mondragon Korporaziotik ateratzea

Ormaiztegi

Joan zen astean Idiazabalgo Ampo-Poyameko langileak izan ziren Mondragon Taldea uztea erabaki zutenak.

erredakzioa

Ormaiztegiko Irizar kooperatibak Mondragon Korporaziotik ateratzea onartu du. Atzo eguerdian egin zuten Batzar Orokorra eta langileen %75ek babestu zuen Zuzendaritza Kontseiluak egindako proposamena. Une honetatik aurrera Irizar kooperatibak Mondragon Korporazioan baja emateko beharrezko pauso guztiak emango ditu. Joan zen astean Idiazabalgo Ampo-Poyam kooperatiba izan zen Mondragon Taldea uztea erabaki zuena. Han langileen %85ek babestu zuen Kontseilu Errektorearen proposamena.

Gaur egun Mondragon Taldearen salmenta guztietatik %3,6 Ampo-Poyam eta Irizarrek sortzen dute, eta Industria atalean %7.

Bi kooperatiba horiek hasieratik estatus berezia izan dute taldearen baitan. Ampo-Poyamek, Irizarrek eta Legazpiko Urolak Goikide atala osatu zuten, Saratxagaren ereduan oinarritutako agintaritza sistemak martxan zituztelako.

Mondragon Taldea uzteko arrazoiak

Mondragon Korporazioa uzteko Irizar kooperatibak emandako arrazoien artean «kudeaketa eredu propioa» dago. «Mondragon Korporazioan ohikoa denaz bestelakoa da. Eredu honetan erabakitzeko gaitasuna dutenak gure proiektuko pertsona guztiak dira, bezeroen, pertsonen eta inguruaren beharrei erantzuna emateko sortu nahi dugun etorkizunaren benetako protagonistak». Eredu hori abian dute bai Ormaiztegin bertan, baita Irizar Taldea munduan barrena finkatuta dagoen herrialde eta tokietan dituen bestelako proiektuetan ere.

Irizarren arabera «oinarritzat pertsonak» dituen kudeaketa-eredu horrek «argi erakutsi du bere eragimena eta eraginkortasuna, bai kooperatibaren barne-alderdietan eta baita kooperatibak merkatuetan duen lehiakortasunean ere». Horregatik eredu hori orainari eta etorkizunari begira izan dezaketen egokiena dela pentsatzen dute.

Enpresak dioenez nazioarteko koiuntura sozio-ekonomikoak arintasun eta malgutasun handiak behar ditu erabakiak hartzeko unean, eta batzarrean adostutakoak lagundu egingo die euren ustez antolamendu-eraketa eraginkorrago bat lortzen.

Bestalde, Mondragon Korporaziotik irteteko erabakia hartu arren, Irizarrek «gizarte konpromisoari eutsi» egingo diola eman du jakitera, «hurbileneko ingurutik abiatuta, elkartasuna eta bestelako baloreak beste eremu geografiko batzuetara zabalduz». Era berean, berritzen eta enpresa-proiektu berriak bultzatzen segiko du, «enplegu eta aberastasun iraunkorra sortzen laguntzeko».

Albisteen inguruan azalpenak

Irizar Mondragon Korporaziotik irten izanaren arrazoiak argitzeaz gainera, prentsan agertutako zenbait informazioren aurrean azalpenak eman nahi izan dizkiote gizarteari. Garbi utzi nahi izan dute euren erabakiaren oinarrian ez dela inoiz egon Mondragon Korporazioak berezkoak dituen lankidetza, elkartasun edo ordainketa irizpideekiko desadostasunik. «Aitzitik, kooperatibaren printzipioak eta baloreak are eta gehiago bultzatzen jarraituko dugu, aberastasuna eta enplegua sortzeko eta beste kooperatibekin hartu-emanak izateko gure konpromisoa mantenduz, beti ere bakoitzaren subiranotasuna eta independentzia errespetatuz».

«Erabaki hau elkartasunezko eta elkarrekiko lankidetzarako eredu batekiko eta fondo komunerako ekarpenekiko desadostasun batekin lotzea, proiektua ez ezagutzea eta manipulatzea da», adierazi zuen Irizarrek, idatzi direnei erantzunez. «Proiektuak pertsonak jartzen ditu aurrena. Dituzten gaitasunez eta beharrez, denen arteko elkartasuna bultzatuz eta proiektuaren beraren zein honek dituen konpromisoen eta defenditzen dituzten baloreen protagonista eginez».

 

Irizar autobusaren sektorean dago 1889az geroztik



Irizar Taldeak autobusgintza sektorean garatzen du bere jarduera 1889az geroztik. Nazioarteko izaera duen proiektua da eta 3.100 langile baino gehiago ditu. Bost kontinentetako zazpi herrialdetan ditu produkzio-instalazioak, eta jaduera komertziala 80 herrialde baino gehiagotara helarazten du. Irizar Taldeak, Ormaiztegiko egoitza nagusiaz gain, produkzio planta hauek ditu: Irizar Tianjin (Txina, 1995), Irizar Maghreb (Maroko, 1997), Irizar (Brasil 1998), Irizar Mexico (1999), Irizar TVS LTD (India, 2001) eta Irizar Southern Africa (Hegoafrika, 2004). Iaz 3.900 autobus egin zituen.







 

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa