
josi labajos ð- Idazlea
«Etxera itzultzeko bidaietan idazteko ohitura dut»
Zumarraga
Aski ezaguna da Josi Labajos batez ere musikari bezala; baina poesian murgildu da behin baino gehiagotan, eta orain emaitza liburu forman aurkeztu du.
idoia luzuriaga
Musikaria izan arren, literaturan, liburu moduan egiten duen bigarren sarrera du Josi Labajosek (Zumarraga, 1964) gaur aurkeztuko duen Cercanías (Entrelineas Editores). Aurkezpena Zumarragako kultur etxean izango da 20:00etan, musika eta hitza uztartuko diren ekitaldian. Peio Biain, Andoni Salamero eta Alberto Navascues izango ditu lagun.
Por tierra de nadie liburuaren ostean, Cercanías lanean ere poesia jorratu duzu.
New Yorkeko metroan, Dublinera eraman ninduen tren batean, edota Zumarragatik Donostiarako aldiriko trenean idatzitako 90 bat poemak osatzen dute liburua. Aurreko liburuan poema luzeagoak egin nituen, eta uste dut orain helduagoak direla. Baina hori ez dut nik zertan esan behar, irakurleek baizik. Bestalde, Oskar Pereirak nire lagun batek Estatu Batuetako hegoaldera egindako bidaia batean ateratako argazkiak jarri ditut, lana ondo osatzen dutela iruditzen zait eta.
Poemek hiri horien isla al dute?
Etxera itzultzeko bidaietan idazteko ohitura dut nagusiki, oraindik bizitako esperientzia berri dudanean, eta hiri batean edo bestean sentitutakoa oso desberdina da.
Oraingoan ere ez duzu aurkezpen hutsa egingo. Nolakoa izango da gaurko ekitaldia?
Liburutik ateratako hainbat poemarekin gidoia prestatu dut. Tren bat hartu eta bere norakora iristen den edozeinen istorio baten modukoa. Han esperientziak bizi eta etxera itzultzen da. Alberto Nabascuesek pianoarekin eta nik anglosaxoi kutsuko musika jorratuko dugu, soula, bluesa, jazza... Ekitaldia nik egindako musika leloarekin irekiko eta itxiko dugu. Egia esan, ez naiz aurkezpen hutsa egitearen aldekoa.
Musika da gaur egun zure lanbidea. Zer esan daiteke Josi musikariaz?
Gaur egun musika irakaslea naiz eta aldi berean Iruñeko kontserbatorioan jazz abeslaria izateko goi mailako ikasketak egiten ari naiz. Talde askotan jo dut, gaztetan hasi nintzen eta. Gaur egun musikalki oso anglosaxoia naizela esan daiteke. Jazza, funkya, soula eta horrelakoen zalea.
Liburua herrian erosi ahal izango da, ezta?
Bai, banaketa orokorraz Madrilgo editoriala arduratuko da, baina Zumarragako eta Urretxuko dendetara nik neronek eramango dut. Hamar euroan salduko da.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikastaroa
Gizonezkoen sukaldaritza ikastaroa
ORDIZIA, Herriko elkarte batean - 2008-11-06
Musika
Azaroan Musika Zikloa
LEGAZPI, Parrokian - 2008-11-22
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.