
Legazpi, ohitura zaharren gordailu
Kultura
Oilar Jokoa egiten den herri bakarra da Legazpi; beti Korpus Kristi ondorengo ostegunean izaten da, orain hiru egun.
miriam luki
Denboraren bidezidorretan toki askotan galdu dena ez da desagertu Legazpin. Ostegunean egin zuten Oilar Jokoa, Korpus Kristi ondorengo ostegunean, tradizioak agintzen duen legez.
Jesus Maiztegi txistulari ohiak urte asko igaro ditu txistua ezpainean Legazpiko kaleetan erronda egiten. «Nik Facundo Urzelai txistu maisuari entzuna diot Legazpi Seguratik libre gelditu zenean hasi zirela oilar jokoa egiten, duela 400 urte beraz».
Soka batzuekin parte-hartzaileek egin beharko duten bidea marrazten dute, iltzeekin. Lehiakideari begiak estali eta ezpata ematen diote. Oilarrarenganaino eramango duen ibilbidea bete behar du, eta iristean irabazi egingo du baldin eta oilarra ezpatarekin ukitu edo inguratzen badu.
Bien bitartean, txistulariek joko horretarako besterik jotzen ez duten doinua aireratzen dute. «Nork asmatu zuen ez dakit. Joxe Iriartek esandakoaren arabera Abelino Ziaranek, dantzak erakusten ibilitakoak, doinu hori eman zion».
Lehendik gaur egunera
Hamabi urtetik gorako neska-mutilek parte har dezakete. Dena dela, normalean mutilak neskak baino gehiago izaten dira. Maiztegik gogoratzen du bera mutiko zenean hemezortzi bat urtekoek hartzen zutela parte: «Nik gizonak bezala ikusten nituen nire mutiko begietatik». Adinaz gain, lehen oilarra kutxa batean sartuta egoten zen, burua bistan zuela; orain kutxarik ez dute ipintzen.
Sariak ere aldatu dira. «Koadrilen artean lehia sortzen zen nork oilarra bereganatuko zuen ikusteko, izan ere lehen oilarra bera zen irabazlearen saria».
Fernando Agirre udaltzainburuak dio irabazleak orain hogei euroko saria jasotzen duela; «animaliak babesteko legeek debekatu egiten dute oilarra sari gisa erabiltzea». Ohikoena hamalau bat umek parte hartzea dela gehitu du Agirrek. «Kopuru horretatik irabazlea ateratzen da». Lehenengoak lortzen badu oilarra ukitzea, horrelaxe amaitzen da jokoa.
ZingiZango euskaltzale elkartearen webgunean 1979an Axun Armendarizek Eugenio Elortzari egindako elkarrizketaren atala eseki dute; Oilar Jokoa ulertzeko ezinbesteko deskribapena irakur daiteke han.
«Gazteen jenioa»
«Badago Legazpin ohittura zar bat, beste herrietan aitzen ez tana, eta noiztik datorren jainkoak bakarrik jakingo du. Oktabario egunez, hau da, Korpus Kristi ondorengo ostegunez, herrian eta, batez ere, elizan, Korpus egunez ez bezelako jaia egin ohi zan. (...)
Arratsaldean, berriz, ollar harrapatzea izan ohi zan. Hortarako plazan zulo bat egin, bertan ollar bat sartzen tzan gañetik ohol batekin estalita, burua bakarrik agirian tzuala. Herriko etxetik bide bat egiñ ohi zan listariz mugatuta, hiru edo lau metro zabalekoa. Etzan zuzen-zuzena izaten; tartean bueltaren bat izango zuan ollarra gordeta zegon tokira jotzen zuen bide honek. Mutil gazteak juan behar zuan bide hontatik (...). Gaztearen jenioa nabarmentzeko oso joku egokia zan. Batzuek oso bizkor hasten ziran ibiltzen (...). Beste batzuek oso geldi eta zalantzaz ibiliko ziran jendea dana aspertu arte...». Testu osoa www.zingizango.com webgunean irakur daiteke.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ipuin kontaketa
Mertxe Aizpurua ipuin kontalariaren saioa
ORDIZIA, Ordiziako Udal Liburutegian - 2008-11-20
Musika
Kalejira
LEGAZPI, Kaleetan zehar - 2008-11-20
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.