Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Goierri-Asteasuko taldea eta Ane Labaka, Gipuzkoako txapeldun eskolartekoan

Bertsolaritza

Txikien mailan nagusitu ziren Goierri eta Asteasukoak; Zumarraga-Urretxukoek ere lan ona egin zuten.

gorka azkarate

Gipuzkoako eskolarteko bertsolari gazteen XXVIII. txapelketako finala jokatu zen herenegun, Irurako pilotalekuan. Goierriko bertsolarien ordezkaritzarik ez zen falta izan finalean. Txikien mailan, Ordiziako Gemma Urteagak eta Zegamako Joanes Etxaidek Asteasuko Haritz Mujika eta Lasarteko Maddi Labakarekin osatu zuten taldeak kantatu zuen, batetik, eta baita Zumarraga-Urretxuko Maialen Akizu, Ane Agirre eta Mirari Arratibelek ere. Handien mailan, bestetik, Ainhoa Mujika beasaindarrak eta Endika Igartzabal gabiriarrak kantatu zuten.

Txikien mailan, saio dotorea osatu ostean, Goierri-Asteasuko taldea izan zen garaile. Benetan txukun aritu ziren taldeko lau bertsolariak, eta beste hiru taldeek ere saio txukuna osatu zuten arren, beraiek izan ziren nagusi. Urte honetan zehar heldutasun handia lortu dute Gemmak eta Joanesek eta bertso apartak kantatzeko gai izatera heldu dira, Aitor Sarriegi euren irakaslearen eskutik. Maila horren adibide, Joanesek lau oinak emanda bota zuen bertsoa eta Gemmak gaiari botatakoa. Honela kantatu zuen Joanesek: «Atzo goizean nuen / mateko esamina // herenegun gauean / ze buruko mina // ezin det gehio pentsau / sentitzet ezina // ai gauetik goizera / sendauko bagina». Gemmak, bere partetik, honoko bertsoa kantatu zuen, «apaizak elizako paretan pilotan jokatzea galerazi dizue» gaia aintzat hartuz: «Frontoira joan eta jolasten / hasi gerade gu bela // baina apaiza hor etorri da / ezin zitekeen bestela // eliz atarin jolasten degu / ta ze momentu krudela // harroputz bat da hor hasi zaigu / berea balitz bezela // ta gero berriz esaten dute / herria denona dela». Bertso ikaragarriak, zorionak Joanes eta Gemma!

Lan txukuna

Zumarraga-Urretxuko taldeak ere oso lan txukuna egin zuen. Maialen Akizu, Ane Agirre eta Mirari Arratibel izan ziren taldeko ordezkari eta Zumarraga-Urretxutik joandako lagun eta zale tropela gustura geratu zen eurek egindako lanarekin. Maialen eta Anek kantatu zuten lehendabizi, 4 oinak emanda. Maialenek bere maila agierian utzi zuen eta Mirarik, inongo debutari konplejurik gabe, bertso ederra kantatu zuen, datozen urteetan eman dezakeenaren aurrerapen modura. Honela kantatu zuen Maialenek: «Nola eman genuen / oholtzara pausoa // nahiz hemengo giroa / ez degun gozoa // egin nahi det saio bat / eder ta osoa // zuen aurren kantatuz / kristoren bertsoa». Mirarik, berriz, honakoa bota zuen: «Finalera iristeko / eman deu pausoa // ta aprobetxau beharko / momentu gozoa // orain bota beharko / hementxe bertsoa // nahiz lehen aldia izan / botakoet osoa». Jarraian, Andoni Egaña gaijartzaileak ondorengo gaia jarri zien Maialen eta Aneri: zuen jostailu kuttuna puskatu dizue anaia txikiak. Maialenek, 6 puntukoan ausart, bertso eder hau kantatu zuen: «Jostailutxo bat banuen / txikitatik betirako // pozik nengoen berekin / jolasten nuen galako // tren txikia ta ederra / oso bizkorra zalako // baina bi urteko anaiak / gaurkon eman dio planto // ez du atzera bueltarik / baina gaur esan beharko // ez dela hori egiten / Josu hurrengo baterako». Paregabea. Anek ere, ez zuen bertso makala bota, horratio: «Nola gaurkoan ahizpa txikiai / egin diodan ziria // nere panpina puskatua du / hori da gaurko egia // atera dio panpintxoari / ezkerren zuen begia // baina nik zerbait egingo diot / nahiz den pertsona argia // bagitxoa ez baina bururik / gabe utziko diot Barbia!». Zorionak Zumarraga-Urretxuko taldeari, txapelketa dotorea egin dute eta!



 


Maialen Akizu, finaleko beste protagonista

g. azkarate



Maialen Akizu bereziki nabarmendu zen Irurako saioan. Zumarraga-Urretxuko taldeak, taldekako garaipena lortu ez arren, berak egindako lan paregabeari esker ekainaren 21ean Altsasun jokatuko den Euskal Herriko txapelketarako txartela lortu zuen txikien mailan, Zarauzko Amaia Urbietarekin batera. Horrez gain, lehen hezkuntzako 5 eta 6.mailetan bera izan zen bertsopaperetan txapela lortu zuena. Bertsopaperen alorrean, Beasaingo Joanes Etxaidek eta Jon Kepa Oriak, Ordiziako Xabier Mendizabalek eta Ataungo Paul Iruretagoienak eta Mikel Tapiak ere aipamen berezia lortu zuten euren mailan. Zorionak denei!

Handien mailan, Mujika eta Igartzabal ere txukun

Handien bat-bateko saioari dagokionez, Ainhoa Mujika eta Endika Igartzabal izan genituen oholtzan kantari. Handien mailako saioa gorabeheratsu xamarra izan zen, tarteka oso gauza onak entzun genituen, baina bertsolari guztiek egin zuten irristadaren bat edo beste. Txapeldun izan zen Ane Labakak berak ere bai. Mujika eta Igartzabalek saio txukuna osatu zuten, lehenengoak bere-berea duen kantaera goxoaz baliatuz eta bigarrenak bere bertsokera umoretsu eta freskoa lagun.

Azkenean, Lasarteko Ane Labaka txapeldun eta Zubietako Asier Azpiroz txapeldunorde, baina goierritarrak pozik eta harro egindako lanarekin. Jarraitu bide beretik eta goiz ala berandu, iritsiko dira fruituak!





 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Musika

Santa Zezilia zikloa
ZUMARRAGA, - - 2008-11-20

Jaialdia

Dantzaldia Pelirekin
ORDIZIA, Ordiziako Jubilatuen egoitzan - 2008-11-22

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa