Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

ana usabiagA ð- Txirrindularia

«Nire helburua mundialetan ikastea eta gozatzea da»

Txirrindularitza

Zazpi domina lortu ditu Ana Usabiagak Espainiako Txapelketan; orain, uztailean jokatuko diren Mundialei begira dago.

esti ezeizA

Espainiako Txapelketan sei urrezko domina eta zilarrezko bat irabazi ditu pista nahiz errepidean, Ana Usabiaga (Ordizia, 1990) txirrindulariak. Orain, uztailean Hego Afrikan jokatuko den Pistako Munduko Txapelketa prestatzen hasi da. Espainiako selekzioarekin arituko da, junior mailan.

Noiz sartu zinen txirrindularitzaren munduan?

Bederatzi urterekin hasi nintzen. Anai zaharrenak eman zuen izena txirrindularitza talde batean, eta nik, gutxiago ez izateagatik, berdina egin nuen. Bere lasterketa bat ikustera joan nintzen eta gustatu egin zitzaidan.

Espainiakoan zazpi domina, zer sentitzen da hori irabazi eta gero?

Banekien ongi ibiliko nintzela, eta urre batzuk lortzea espero nuen, baina ez seirak. Neska gutxik korritzen dugunez, ezagutzen ditugu gure aurkariak, eta badakigu zeinen aurka joan beharra daukagun edo kontrolatu behar dugun. Horrek gauzak nolabait, erraztu egiten ditu.

Zilarrezko horrek mina ematen al du?

Txapelketa amaitzean, askok esaten zidaten: «Ez zara kexatuko!». Nik berriz, adarra jotzeko esaten nien, zilarrezko horrengatik kexatzen nintzela. Baina beno, nire helburua zen Mundialetarako txartela lortzea, eta hau eskuratzearekin gustura nengoen.

Espainiakoan, zeintzuk izan ziren aurkari gogorrenak?

Balear Uharteetakoak oso ongi dabiltza orain, belodromo berri bat egin baitiete, eta asko entrenatzen dira. Bestetik, errepidean, Mediterraneo aldekoak ongi dabiltza.

Zer nahiago duzu, pista edo errepidea?

Orain gutxi arte pista ez zitzaidan batere gustatzen, aspertu egiten nintzen itzuliak ematen. Aldiz, Agustin Pagola zuzendariak esaten zidan pistarako asko balio nuela. Azken aldian, lasterketa batetik bestera, giroan sartuz joan naiz eta gero eta gusturago nago. Aurten, lehendabiziko aldiz prestatu ditut seriotasunez txapelketak eta ongi irten da. Iaz, Europako Txapelketara joateko ia sailkatu nintzen eta hurrengo urtean joan beharra nuela erabaki nuen.

Erraza al da ikasketak eta txirrindularitza uztartzea?

Denbora aurkituz gero ez dago arazorik, antolatzea da sekretua. Hala ere, orain bai, denak batera etorri zaizkit eta dezente kostatu zait biak uztartzea. Dena den, egun arte ez dut arazorik izan eta gero ere ez dudala izango uste dut.

Zer ematen dizu txirrindularitzak?

Gauza asko. Esaterako, lehen askoz pertsona itxiagoa nintzen, eta txirrindularitzari esker jende asko ezagutu dut. Antolatzen ere ikasi dut, eta badakit, zerbait lortzeko sakrifikatu egin behar dela. Baina, gauzak ateratzen direnean, ikusten duzu merezi izan duela.

Etorkizunean, gustatuko al litzaizuke txirrindularitzatik bizitzea?

Nik beti esaten dut, profesionaletara iritsi nahiko nukeela, baina gauzak ez daude errazak. Gero eta gorago iristearekin konformatzen naiz, eta egunen batean, errepidean Italiako Giroa korrituko banu, munduko neskarik zoriontsuena izango nintzateke.

Txirrindulari ona izateko zein ezaugarri izan behar dira?

Gainontzeko kiroletan ez dakit, baina bizikletan behintzat, oso garrantzitsua da egunero entrenatzea. Seriotasun batekin ez baduzu hartzen ezinezkoa da iristea.

Oraindik ere, neska gutxi daude txirrindularitzan.

Euskadiko selekzioan, esaterako, jubenilen mailan, taldeka lehiatzeko gutxiegi ginenez, kadete batzuk ere gurekin aritu dira. Jendea etortzen hasi da, baina pixkanaka. Gainera, errepideko txirrindularien artean daukagun arazo handienetako bat joan-etorriak dira. Lasterketa asko urruti izaten ditugu, eta horrek gastu handia suposatzen du. Gainera, antolakuntza aldetik ere, gutxi garenez, maila oso ezberdinak daude gure artean, eta hala ere, lasterketa bera korritu behar izaten dugu.

Mundialetara begira, zein da zure helburua?

Maila handia dago eta ez dauka zerikusirik Espainiakoekin. Horregatik, ez dut helburu finkorik. Hortik ikasi egin nahi dut, etorkizunera begira, berriro joaten banaiz, nola egin behar dudan jakiteko. Gero Europakoak jokatuko ditugu, eta hor bai. Mundukoetan lortutako emaitzen arabera, helburu batzuk finkatuko ditut. Esaterako, aurreneko hamarretan sartzea.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Lehiaketa

Gabonetako XX. krisma lehiaketa
URRETXU, Zumarraga-Urretxun - 2008-11-01

Erakusketa

Argazki erakusketa
LEGAZPI, Kultur etxean - 2008-11-07

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa