Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2009ko urtarrilak 8, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Baserritarrak «kinka larrian» daudela eta mobilizatzeko deia egin du EHNEk

Nekazaritza

EHNE sindikatuko Goierriko hainbat baserritarrek «nekazaritza eredu berria» aldarrikatu dute.

arkaitz apalategi

Goierri osoko baserritarrak Lazkaomendin bildu ziren atzo, bizi duten «egoera larria» salatu eta sektorearekiko sentsibilizazioa zabaltzeko asmoarekin. Produkzio kostuen igoera, betearazten zaien burokrazia eta diru publikoaren «erabilpen okerra» jo dituzte egoeraren erantzule. Horren guztiaren aurrean mobilizatzeko deia egin diete baserritarrei eta gainontzeko herritarrei.

Atzoko agerraldian azaldu zutenez «kinka larrian» daude baserritarrak. Azken 30 urteotan baserritik bizi diren herritarren kopuruak nabarmen egin duela behera adierazi zuten: 1976an 92.000 baserritar zeuden Euskal Herrian; gaur egun 14.000 dira. Bestetik, baserritarren bataz besteko adina gero eta handiagoa da. EHNEk emandako datuen arabera baserritarren %60k 55 urtetik gora ditu.

Goierriko baserritarrek egindako agerraldian Garikoitz Nazabalek azaldu zuenez, «guk defenditzen dugun eredua ez da gaur egun indarrean dagoena. EHNEk bai Euskal Herriko eta bai Gipuzkoako elikagaien subiranotasuna bermatuko duen nekazaritza eredu bat eta nekazaritza politika bat aldarrikatzen ditu, elikagai nahikoa produzituko duena, horiek elaboratuko dituena eta, noski, kontsumitzailearengana iritsaraziko dituena». Eredu berri hori «amalurrarekiko oreka mantenduz eta ingurumena errespetatuz» egin behar dela iritzi diote sindikatuaren ordezkariek.

Lau ardatz nagusi

Nekazarien EHNE sindikatuak lau ardatz nagusitan oinarritu du bere aldarrikapena. Batetik, produkzio kostuek «igoera handia» izan dutela azaldu zuen Nerea Soraluzek. «Gure produktuak prezio berean saltzen jarraitzen dugun bitartean, erosleentzat prezioak igo egin dira. Bitartekari batek hartu du dirua, eta hori salatu nahi genuke».

Bestetik, «gero eta burokrazia eta paper gehiago» exijitzen zaiela azaldu dute baserritarrek. «Gure baserriak bulegoen itxura hartzen ari dira, eta gure lana behar bezala egiteko oztopoa da burokrazia hori dena».

Azpiegitura proiektuen inguruan ere euren kezka agertu dute baserritarrek. «Ikusi besterik ez dago nola Abiadura Handiko Trenaren eta autobideen proiektuak gure lurrak suntsitzen ari diren. Lurrik gabe gelditzen ari gara».

Azkenik, administrazioak diru publikoarekin «erabilpen okerra» egiten ari direla salatu dute. «Badago diru publiko bat gure izenean datorrena, baina beste azpiegitura batzuetara bideratzen da, eta baserritarrak ez du publikoa den diru hori ikusten», adierazi dute EHNEko kideek.

Mobilizatzeko deia

Egoera horren aurrean «sektorearekiko sentsibilizazioa» zabaldu nahi du sindikatuak, herritarrek jakin dezaten zein den baserritarrek bizi duten egoera. Hori dela eta, baserritar guztiei eta herritar guztiei egin diete mobilizazioetan parte hartzeko deia. Igande eguerdian, ekainaren 8an, manifestazioa egingo dute Donostiako bulebarretik abiatuta, Baserria SOS goiburua aurrean hartuta.

 

datua



14.000

baserritar. 1976. urtean Euskal Herrian 92.000 baserritar ziren; gaur egun 14.000 dira.

Adina

54 urte. Baserritarren adina, bataz beste, 54 urtekoa da, eta 55 urtetik gorakoak dira kopuru osoaren %60.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa