
Jesus Segurolaren heriotzak samina eragin du kultur arloan eta herrian
Zumarraga
Artisau zumarragarrak, txistuak egiteaz gain, pintura, eskultura eta literatura jorratu zituen.
idoia luzuriaga
Herenegun hil zen Jesus Segurola Urkiola zumarragarra, 87 urte zituela. Albisteak samina sortu zuen ezagutu zutenen artean. Segurola 1960ko hamarkadan hasi zen txistuak egiten, eta inguruko zein urrutiko txistulari askok dute berak egindako txistua. «Denak joan izan gara momenturen batean Segurolak egindako txistu baten bila, onenen artean zegoen», gogoratzen zuen atzo Zumarragako txistulari batek.
Segurolaren eta txistularien arteko lotura Zumarragako trenbide gaineko parkean betiko geldituko da agerian, Txistulari eskulturaren bitartez. 2003ko ekainararen 14an inauguratu zen, eta festa izan zen egun hura Antzinako Ama txistulari taldekoentzat zein kanpotik etorritako txistularientzat. Otamotz herri aldizkariari emandako elkarrizketa batean deskribatzen zuen bezala danbolina, txistua, txapela eta txistulariaren perfila ageri dira; «txistulariaren perfila adierazi nahi izan dut, txistulariaren gorputza ez da ikusten, adierazpen berezi bat ikusten da», zioen orduan Segurolak.
Lagun, adiskide eta ezagun asko bildu zen atzo Segurolari azken agurra ematera, lehenengo beilatokian eta arratsaldean hileta elizkizunean. Jose Ignazio Ansorena txistulariak Segurolak berak egin zion txistu batekin konposizio bat jo zuen beilatokian, bere omenez. Musika tresna hori hobetzeko «ordu asko» igaro zituztela elkarrekin gogoratu zuen Ansorenak. Euskal Herriko Txistularien Elkartearen zilarrezko domina bazuen zumarragarrak.
Izadi zalea
Segurola izadi zale amorratua ere bazen. Beti gustatu zitzaion mendia; herritar askok gogoratzen dute Antiorako bidean, azken urteotan. Zaletasun hori literaturarekin bateratu zuen. 1975ean Lar publikatu zuen eta 2001ean Izadi eta Gizaki arteko harremanetan Lar. Azken horren publikazioaren harira zioenez, «hasieratik argi ikusi dut nire teoria: euskarak izadian ditu zuztarrak. Lehen liburuan hori nioen eta oraingoan ere bai. Euskara izadi eta gizaki arteko harremanetik sortu da».
HITZAn esandakoarekin argi utzi zuen Segurolak bere izaera: «Mendian nago ni gustura. Duela gutxi, mendian lagunekin bazkaltzen, esaten nien: zer gutxi behar duen gizonak zoriontsu izateko».
Santa Anaren irudia zaharberritu dute eta Antioko elizan da jadanik
Zumarraga
Irudi guztiak berritzeko prozesua bukatu dute; aurkezpenean Jesus Segurola gogoratu dute, egileetako bat zen.
i. luzuriaga
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ardo dastaketa
Ardo dastaketa
LEGAZPI, Euskal Herria plazan - 2009-07-09
Jaialdia
Diskotop jaia
LEGAZPI, Euskal Herria plazan - 2009-07-10
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.