
saioa garin ð- Abeslaria
«Jasotako kritika onek aurrera jarraitzeko indarra eman didate»
Musika
'Matriuska Heart' izeneko disko berria kaleratu du legorretarrak, hilaren 28an 'Sustraiez Blai' jaialdian kontzertua eskainiko du.
eneritz Gorrotxategi
Saioa Garin (Legorreta, 1978) afizioz aritzen da musikari lanetan. Orain urte batzuk Donostiako lehiaketa batean hirugarren geratu zenetik ibilbidea poliki-poliki osatzen joan da. Particular Land izan zen bere lehen lana eta orain bigarren diskoa kaleratu du; Matriuska Heart izenekoa.
Zaila izan da abestiak pilatzea edo erraz atera zaizkizu?
Beno, aurreko diskoa atera zenean abesti berriekin hasita nengoen. Garrantzia handia du estruktura melodiko on bat izateak; gora-beherak, estrofak, estribilloa......Zaila da abesti polit bat egitea. Askotan blokeatu egiten zara edo hitzak ez zaizkizu ateratzen, baina, azkenean ateratzen da eta gustura egiten da. Gora beherak izan arren beti mantentzen da aterako den esperantza.
'Matriuska Heart' diskoa eskuan hartzen duenak zer jasoko du?
Hasteko diseinua; oso originala da. Musikalki, abestiak luzeagoak dira eta nik uste lehenengo entzunaldian astuntxoa iruditu liteke. Hitzei garrantzia handia eman diet, ez nuen moztu nahi zerbait esan nahi nuenean. Helburua ez zen hiru minutuko abesti bat egitea, zerbait esatea baizik. Melodiari ere asko erreparatu diot. Pop-folk estiloa izaten jarraitzen du. Sentimendu aldetik ere nahiko antzekoa da. Denek nitaz hitzegiten dute eta oso nere bakardadetik sortutako gai existentzialak aipatzen dira. Normalean triste edo melankolikoak direla esaten dute eta ados nago. Nik kanta bidez ateratzen ditut sentimendu horiek. Letra ona baina gustatzen ez zaidan musika duen kanta bat baino nahiago dut musika ona duena. Baina musika ona izan eta letra ona bada, abesti horiek dira zerbait izateko aukera dutenak. Nik bi aldeak begiratzen ditut. Saiatzen naiz letrak nire bizipenenak izaten, orduan niretzako garrantzitsuak dira.
Zure bigarren diskoa kaleratu duzu. Nolako kritikak jaso dituzu?
Oraindik lagunek eta gertuko jendeak ez du entzun. Musika independienteen blogetara eta bidali dugu eta kritikak oso-oso onak dira, onegiak eta guzti akaso. Musikaz ulertzen duen jendeak hori esatea, handia da. Neure buruarekin aurrera egiteko indarra eman didate kritika on hauek.
Zer egin behar da zure diskoa lortzeko?
Kontzertutan edo bestela disketxeko web orriko dendan sartuta eskatu behar da, www.moonpalacerecords.com. Aurreko diskoa eskuratu daiteke hor bertan. 500 kopiak banaka-banaka egiten ari dira. Dendetan galdetzea alferrikakoa da, ez baitago salgai. Dendetan saltzeko aukera izateko SGAE-n egon behar da eta disketxe hau hortik kanpo dago.
Ekainaren 28an Sustraiez Blai zure herrian, Legorretan ospatuko da. Ez da herrian joko duzun lehen aldia, ezta?
Ez. Orain bi urte herriko gaztetxean jo nuen.
Erronka eta ardura handia al da herrian jotzea?
Bai. Ziur nago kontzertura jende asko ni ikustera joango dela; herrikoak eta etxekoak esaterako. Niretzako ez da erraza; abestiak zertxobait melankolikoak dira eta nahiz eta guztiok dugun melankoliko puntu bat, abesteak gehiago biluztea eskatzen du. Ezezagunen aurrean kantatzea errazagoa egiten zait.
Nola sortu zen Sustraiez Blain jotzeko aukera?
Legorretako udaleko kultur arloa eramaten duenak beti esan izan dit kultur astean kontzerturen bat emateko baina nik orain artean ezetz esan izan dut. Aurten, udaletik bertatik Sustraiez Blai-ekoei nire berri eman zien, asko tematu ziren denak eta azkenean animatu egin nintzen.
Sustraiez Blai bezalako jaialdietan jende kopuru handia biltzen da. Horrenbeste jenderen aurrean jo al duzu inoiz?
Ez, horrelako jaialdi handi batean ez. Behin Donostiako Gazte eszenan jo nuen eta han 500 lagun inguru sartzen dira. Señor Chinarro izeneko abeslariaren teloilari lanetan aritu nintzen eta abeslari honek jarraitzaile pila bat inguratu zituen. Bera entzutera joan baziren ere poliki-poliki betetzen hasi zen eta jendea nahiko isilik egon zen. Instrumentu askorekin, ez du horrenbeste axola jendea isilik edo hizketan dagoen, baina ni bakarrik nire gitarrarekin ari banaiz, ez da horrenbeste entzuten.
Gitarra jotzen duzu, baina beste zerbait ere bai.
(Kar, kar, kar) Nik esaten dut jo, gitarra jotzen dudala. Pianoarekin jolastu egiten dut. Akorde bat pianoan eta gitarran jartzea gauza bera denez, probak egiten hasi nintzen. Azkenean abesti bat atera dut pianoarekin jotzeko. Banjoarekin ere zerbait egin dut; hau country musikarekin erabat lotuta dagoen instrumentua da: gitarra baten itsurakoa da eta soka bikoitzak ditu. Jotzeko zailagoa da baina horrekin ere zerbait egitera animatu nintzen. Armonika ere zertxobait jotzen dut. Horiek nik jotzen ditudanak dira, baina diskoan akordeoilari eta gitarrista batek parte hartu dute eta oso ongi geratu da. Kontutan hartzekoak dira izan ere diskoan oso presente daude.
Euskaraz eta ingelesez abesten duzu, horrela atera al da?
Bai. Orain ingelesez gehiago daude euskaraz baino. Euskaraz zailagoa egiten zait bai hitzak sortzea baita konposatzea ere; euskaraz ongi konposatzeko meritu handia behar da. Nik jotzen dudan musika, estilo aldetik amerikarra denez, askotan ingelesa hobeto datorkio. Hala ere, euskarak gauza oso garrantzitsu bat dauka; jendearekin sortzen den feedback-a. Euskaraz ulertzen duten edo ez duten toki batean jotzea oso ezberdina da. Asko betetzen du jendeak ulertzen duenean. Fonetikoki asko gustatzen zait euskara baina ingelesak tiraizo handiagoa sortzen dit.
Afizioa eta ofizioa bateratzea erraza al zaizu?
Une honetan bai. Etxetik gertu ari naiz lanean, hiru laurdeneko lanaldia dut eta hezkuntza publikoak eskaitzen dituen baldintzak onak dira. Orain hasi berria naizela esan daiteke eta musika egiteko gogo handia dut. Ez dakit urteen joan etorrian zer izango den.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikastaroa
Garaiko produktuekin sukaldean aritzeko ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Itxaropena elkartean - 2008-11-11
Musika
Beti Argi Musika Bandaren kalejira
ORDIZIA, Ordiziako kaleetan - 2008-11-21
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.