Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Maialen Akizuk jantzi du

Euskal Herriko txapela

Zumarraga-Urretxu

Atzo jokatu zen Euskal Herriko XX. Eskolarteko Bertsolari txapelketa; 14 bertsolari lehiatu ziren.

gorka azkarate

Atzo jokatu zen Euskal Herriko XX. eskolarteko bertsolari txapelketaren finala Altsasun, eta bertan Zumarraga-Urretxuko bertso eskolako Maialen Akizu izan genuen txapeldun txikien mailan. Final honetan Euskal Herriko herrialde bakoitzeko 2 ordezkari izan ziren kantuan, eta Maialenek Gipuzkoa ordezkatuz kantatu zuen, Amaia Urbieta zarauztarrarekin batera. Saio paregabea osatu zuen 12 urte besterik ez dituen gaztetxoak.

Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako bertsozaleek itxura polita eman zioten Altsasuko Burunda pilotalekuari. Saioa goizeko hamaiketan puntuan hasi zen, agurrarekin. Maialenek 10eko handi dotorea bota zuen, disfrutatzera etorri zela azpimarratuz. Jarraian, 4 oinak emanda bertsoa bota zuten 8ko txikian, eta ariketa honetan ere ale politak entzuteko aukera izan zuten bertsozaleek.

Agurra eta lau oinekin bertsoa bota ostean, 8ko txikian ofiziotan egitea tokatu zitzaien bertsolariei. Maialeni Bingen Sainz arabarrarekin kantatzea egokitu zitzaion: «bi ama zarete, bizilagunak. Maialenek tronpeta bat oparitu zion bere semeari, eta aste pare bat pasata, Bingen kexatzera etorri zaio tronpetaren zaratagatik». Ariketa honetan, Maialenen bizitasuna agerian geratu zen. Ikaragarria izan zen.

Sei sailkatuen artean

Lehenengo atala amaitu ostean, sei bertsolarik egin zuten aurrera, Maialen Akizu tartean zela: Maddiane Txoperena, Amaia Elizagoien, Eñaut Saldumbide, Mikel Cherbero, Johaiñe Sarraillet eta Maialen Akizu bera. Lehendabizi, hitza gaitzat harturik bertsoa osatu behar izan zuten. Hondartza izan zen Maialeni egokitu zitzaion hitza eta bertso ederra bota zuen: Nahiz eta uda non pasatuko / eduki nuen zalantza // negua hotza izan degu ta / udak du beroan antza // musika eskola, gitar klasea / futbola edota dantza // estresangandik ihes eiteko / onena degu hondartza. Jarraian, ofiziotan egin behar izan zuten ostera, 8ko nagusian. Maialenek Irulegiko Mikel Cherberorekin kantatu zuen, ondorengo gaiaren inguruan: «Mikel, arrantzan ari zara eta zerbaitek heldu dizulakoan tiraka hasi zara. Zer aterako uretatik eta Maialen, igerian dabilena». Bertsoaldi ederra osatu zuten biek, eta Maialenek ateraldi politak izan zituen, arrantzalea baino indartsuagoa zela esanez lehenengo bertsoan eta berak ere arrantzatzen bazekiela esanaz bigarrenean, urpean arrantzatzen, baina.

Epaimahaiaren erabakiz, Maialen Akizu izan zen hamalau bertsolarien artean onena, eta Hendaiako Maddiane Txoperena bigarren. Agurrean, senide eta lagunei eskerrak eman zizkien, halako lagunekin edozer posible dela nabarmenduz. Astelehen gauean izango dugu Euskal Herriko txapeldun berria herrian kantuan entzuteko aukera, bertso eskolako lagunekin San Juan suaren inguruan egingo duten saiotxoan izango baita.

 

Jasotako erantzunak:

2

Sebas | 2008-06-23

Bat nator Pellorekin erabat, beno, erabat ez, izan ere kantatu Maialenek kantatu zuen, eta ederki asko portzierto.

1

Pello Akizu | 2008-06-22

Txapela bakar batek jantzi arren atzean lagun eta bertso eskola oso baten lana dago. Gidaritza egoki eta lan finaren emaitza da txapel hau. Bertsozale eta lagun askoren artean banatu beharko litzateke berez xapel hau. Ezinezkoa denez guztiak aipatzea, bereziki Gorka Azkarate bertsolaria eta Urretxu Zumarragako bertso eskolako lana goraipatu nahi nuke. Hik balio dek hik! Mila esker guztioi!

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa