
Gaurtik igandera garagardo onenak dastatzeko aukera izango da Ordizian
Azoka
Ordizia Rugby Elkarteak antolatutako IX. Garagardo Azokan 'Garagardo kantuz' egingo dute aurreneko aldiz.
iñaki gurrutxaga
Urtean zeharreko lanak behar bezala egin eta gero, bestelako lanetan murgilduta dabiltza egunotan Ordizia Rugby Elkarteko kideak. Dagoeneko egin dituzte gaurtik igandera Beti-Alai pilotalekuan egingo den IX. Garagardo Azoka aurrera ateratzeko prestatu beharreko guztiak, eta garagardoa edanez eta ukondo, saltxitxa eta gainerakoak janez kluba diruz lagunduko duten bisitarien zain daude.
Sei orduz egongo da zabalik lau egun horietan azoka, 18:00etatik 00:00etara. Azokaren oinarrietan ez dagoela aparteko aldaketarik nabarmendu du Juantxo Mujika antolatzaileak, baina berritasun bat edo beste sartu dituzte. «Aurreko urteetan gutxi edaten ziren bi garagardo kendu ditugu, eta berri bat ekarri, Becks alemaniarra».
Kafea eta baserriko oilaskoa
Denera 23 garagardo marka dastatzeko aukera izango da aurten. Jakietan, berriz, kafea eta baserriko oilaskoa eskainiko dituzte aurrenekoz. «Aitona Kafeak eta Lumagorri oilasko markari esker izan da hori», zehaztu du Mujikak. Bi lagunentzako garagardotegi-menua jarri dute, 24 euroan: txerri ukondo bat, bi saltxitxa, bi garagardo, bi postre eta bi kafe. Menua jan nahi ez duenak «sueltoan» jan ditzake bestelako jakiak: bi saltxitxa (gorria eta zuria) 2,50 euroan; Saxoniako solomoa 2,50 euroan; baserriko oilasko laurdena patatekin 5 euroan eta garagardo pinta 3,50 euroan.
Garagardoaren bueltan euskaraz abesteko
Azokaren antolatzaileek euskarazko abestiak azokan presente egotea nahi izan dute, eta hori dela-eta Garagardo kantuz izeneko ekimena antolatu dute aurrenekoz. Bentazaharreko Mutil Alaiak taldeak euskal abestiekin osatutako liburuxkak banatuko ditu, eta haien arrimoan jendea kantari aritzea nahi dutela adierazi du Mujikak. Bihar iluntzean izango da hori, 20:30etik 23:30era.
Larunbatean bi kontzertu izango dira. Urtero jotzen duen Stuwar bakarlaria 20:30en bueltan igoko da oholtzara, eta 23:00etan rock kutsuko musika lantzen duen I am Raros talde bizkaitarra.
IX. garagardo azoka
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Zinema
'Los girasoles ciegos' filma
ATAUN, Herri antzokian - 2009-01-10
Musika
10. urteurrenaren barruan antolatutako kontzertua
LEGAZPI, Latxartegi aretoan - 2009-01-11
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.