Geltokietako auzoak hartuko du tokia Zumarragako jaien egitarauan, bihar
Zumarraga
Herri giroko hiru festa egun izango dira asteburuan, herri-kirol, asto karrera eta kaleko ikuskizunak antolatuta.
aimar maiz
Zumarragako Santa Isabel jai nagusien trena pasatu da, baina erabat urrundu aurretik Geltokietako auzunean egingo du hiru eguneko geldialdia. Bihar, ostirala, arratsaldean hasi, eta igandera arte ospatuko dituzte jaiak, Zumarraga eta Urretxu tartean dagoen ferrokarril giroko auzoan.
Giro herrikoia bultzatzea eta plazaratzea dute aurten ere helburu auzotarrek. Aspalditik ospatzen dira Geltokietan jaiak, eta urtero bizilagunek osatutako batzordea arduratzen da, batzuetan jendetsuago, besteetan bakanago, egitaraua osatzeaz. «Baina gazte jendea ere ari da inplikatzen. Helduxeagoei laguntza eskatu digute, eta gustura lagunduko diegu», dio Maite Berasategi auzotarrak, urte askoan antolakuntzan arituak.
Izan ere, auzoan bertan sortzen dute batzordea jaiak gauzatu ahal izateko, bizilagunen, tabernarien eta dendarien artean. «Lan asko eskatzen du egitaraua osatzeak. Diru iturriak ere larri samar izaten dira, baina ateratzen da azkenean. Jendeak zer nahi duen, hura jartzen saiatzen gara». Bihar arratsaldetik igande iluntzera hamaika ikuskizun jarri dituzte, tartean asto karrera entzutetsua ere bai.
Festa giroari eutsiz
Herriko jaiak bukatu berritan, eta inguruan ere beste batzuk izan arren, jendea biltzea espero dute aurten ere. «Errotuta daude Geltokietako festak, jendea ibiltzen da».
Iaz huts egin ondoren, asto lasterketa izango da igandean, jaien ikurra berreskuratuz. Legazpiko motorzaleen laguntzarekin bilkura ere egingo dute, Narçis Roca katalanaren ikuskizun eta guzti.
egitaraua
Bihar.
19:00. Hasiera buruhandiekin eta dultzaineroekin. Partxisa.
19:30. Bertso-triki-poteoa.
21:00. Bertso afaria, Domingo Mendiaraz plazan: Fredi Paia, Iker Zubeldia, Ainhoa Agirreazaldegi, eta bertako bertsolari gazteak. Janaria norberak eraman behar du, edaria Festa Batzordeak jarriko du.
00:00. Disco-Music-ekin dantzaldia, Isabelene aurrean.
Larunbata.
12:00. Toka txapelketa.
13:00. Zumarragako Musika Banda.
16:00. Mus txapelketa, Apain eta Irati tabernetan.
18:30. Haurrentzat jolasak.
19:00. Herri kirolak. Xabi Zaldua-Kepa Mendikute, Julen Aranberri-Iñigo Zaldua. Harri jasotzen, aizkoran eta ingudea altxatzen.
19:30. Trikipoteoa, herriko trikitilariekin eta Irimo Azpi abesbatzarekin.
23:30. Tximeleta taldearekin dantzaldia. Urolatarrak txaranga.
Igandea.
09:30. Txistularien goiz eresia.
11:00. Zumarragako Hiria V. Lasterketa Herrikoia.
11:00. Meza, hildakoen alde. Adinekoei omenaldia, Pagoetan.
11:30. Hamaiketakoa, Apainen.
14:00. Bazkari herrikoia, Balentiña jatetxean. Trikitilariak.
15:30. Motorzaleen bilkura.
17:30. Asto lasterketa.
Ondoren. Narçis Rocaren motor ikuskizuna.
Trenbideak ðð Hiru tren konpainiak eduki zituzten auzoan geltokiak: Nortekoak, Zumarraga-Maltzaga trenbideak eta Urolako trenak. Bakarrak dirau gaur egun.
Auzoa, tren lurrunen artean
a. maiz
Zure bazter,/ gurazko aberria,/ doa zoro,/ ta bertan ni bultzia./ Oi, ene lur,/ baninduzu zerea,/ zu landu, ta/ zure sariz asea...!». Dio Lizardi poetak 1929an idatzi zuen
Bultzi-leyotik poemaren zati batek. Aukera oparoa izango zukeen poetak urte hartan Zumarragako Geltokietako auzunean olerkia burutatzeko. Hiru geltoki zeuden orduan, beste horrenbeste tren konpainiarenak.
Mugimendu handiko tokia izan zen Geltokietako auzoa deitzen dena XX. mendearen hasieratik. Garaiko komunikazio eta garraio zentro garrantzitsua zen, oso gertu hiru tren-geltoki egoteak eman zion patuarekin eta lanarekin.
Norteko ferrokarrilak (1864), Zumarraga-Maltzagak (1889), eta Urolako Trenak (1926) eman diote auzoari izaera. 1940ko hamarkadan Patricio Etxeberriak beste trenbide-adar bat ireki zuen Legazpitik, hiru errailekoa hura. Gaur egun geltoki intermodalaren proiektuak zer dakarren zain, burdinbidearen kutsua gutxituta bizi da Geltokietako eremua.
Lehendabizikoa, Nortekoa
Madril-Paris trenbidearen Gipuzkoako zati osoa 1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zuten. Aitzindaria izateaz gain, gaur egun funtzionamenduan dagoen trenbide bakarra da Zumarragan.
Zumarraga-Maltzaga 1889an ireki zuen Zumarragatik Durangorako Burdinbidearen Konpainiak. Ondoren, 1906an, Baskongadoetako Burdinbideen sarearen zati izatera pasatu zen.
Metro bateko tartedun karrila zeukan Zumarraga-Maltzaga trenbideak. 22,7 kilometroko ibilbidean gorabehera malkartsuak (Deskarga) eta bihurgune itxiak (60 metroko erradiodunak). Maltzagan Donostia-Bilbo bidearekin elkartzen zen. 1919an elektrizitatea erabiltzen hasi ziren, Nortekoak baino 9 urte lehenago. 1972an bukatu zuen zerbitzua. Zumarragako geltokia 1988an bota zuten.
'Gure trena', kutunena
Herriaren oroimenean sustraitu zenik bada, Urolako Trena (Zumarraga-Zumaia, 34,4 km) da hori. 1920an hasi zen Gipuzkoako Diputazioa eraikitzen, eta 1926an hasi zen martxan, metroa zabaleko karrilarekin. Herritarren nahigabea eraginez eta protesta artean, 1988ko otsailean itxi zuten Urolako trena. Geltokiak zutik dirau.