
Zumarragako Udalak gida eguneratua aurkeztu du
Udala
Datozen egunotan herritarrek etxean jasoko dute gida, azkeneko aldaketa eta zerbitzu berriekin osatua.
idoia luzuriaga
Zumarragako gida eraberritua aurkeztu dute. Argitalpenaren bosgarren edizioa datozen egunetan iritsiko da zumarragarren etxeetara, zerbitzu eta erakundeen telefono zenbaki eta helbideekin. Kale izendegia, Udalbatzaren egitura, herriko datu orokorrak eta Zumarragarako asmo berriak ere publikatu ditu Udalak gidan.
Arlo historikoa
Ohi bezala historiako edo kulturako gai bat nabarmendu dute. Oraingoan Independentzia Gerra Zumarragan landu dute, gudak izandako eragina jorratuz. Jaiak eta jarduerak, eta turistentzat baliagarri izan daitezkeen beste zenbait datu ere jasotzen dira.
Horrekin batera Zumarragako arte-ondarearen inbentario berritua agertzen da. Zerbitzu orokorren atalean, jardunaren arabera saikatuta daude, eta gidaren azken atalean ostalaritza, merkataritza eta enpresen zerrenda agertzen da, gida komertzial eta industriala barne. Azken sailean, telefonoarekin batera posta elektronikoa edota webgunearen helbidea ere ematen da. Zerbitzu orokorren atalean kultur zerbitzu berrituak dira aldaketarik nabarmenena erakusten dutenak; Zelai Arizti kultur etxeak eragindako berrikuntza guztiak jasotzen dira.
Aurkezpenean adierazitakoaren arabera, gida lau urtetik behin eguneratzen eta argitaratzen du Udalak. Aurrekoetan bezala Dyca enpresa arduratu da diseinuaz eta argitaratzeaz, eta Kultura Zerbitzuaren lankidetza izan du.
Enpresako arduradun Patxi Diffor-en arabera 5.000 ale argitaratuko dituzte. «Herritarrentzat baliagarri izateaz gain, kanpotik datozenentzat ere tresna erabilgarria izatea nahiko genuke. Lan honetan kultura arloko langileen laguntza handia izan dugu».
«Gerturatzea»
Anton Arbulu alkatearen arabera, «argitalpen honen filosofia herritarrarengana gerturatzea da, zerbitzuen berri eman eta egunerokotasunean lagungarri izan dadin bilatzen duena. Zumarraga ez da gelditzen, historian zehar ere gelditu ez den bezala. Gida honetan argi geratzen da hori».
Gidan agertzen den informazioak, zumarraga.net webgunean argitaratzen denarekin batera, «herriaren ikuspegi orokor eta zehatza» ematen dutela azaldu zuen.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
XVI. mendeko jantzien erakusketa
SEGURA, Ardixarra etxean - 2009-06-15
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.