Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2009ko uztailak 4, Larunbata

Harpidetu zaitez!

'Liburuen parkea' ireki dute Zelai Ariztin, liburutegiaren osagarri bezala

Zumarraga

Liburuak maileguan hartu eta aldizkariak bertan irakurri ahal izango dira; jolasteko aukera ere egongo da.

idoia luzuriaga

Atzotik uztailaren 24ra bitartean Zumarragako Liburutegiak osagarria izango du Zelai Arizti parkean: Liburuen Parkea deitutako txokoa. Espazio berri hori herritar gazteenentzat pentsatuta dago batez ere. Haurretzako liburuak aterako dituzte bibliotekatik parkera. Helburuak irakurtzeko zaletasuna bultzatzea eta udan ere liburutegiaren erabilpena sustatzea dira, bertako arduradunen arabera.

Eskaintza zabaldu

Iaz liburutegia lekuz aldatu zutelako irakurleak zerbitzurik gabe gelditu ziren udan. Baina aurte hutsune hura estaliko dute, eta osagarria ere gehitu diote.

«Liburutegi berria ireki zenetik eskaintza zabaldu ahal izan dugu», diote Zelai Ariztiko arduradunek. «Udan ekimen hau eta urte osoan zehar irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina abian dira».

Gune horretan aulkiak eta mahaiak jarri dituzte, baita liburuentzako apalak ere. Gainera, aldizkariak eta egunkariak egunero eskainiko dituzte, batez ere zortzi urtetik beherako haurrekin doazenentzat; haurrek heldu batekin egon beharko dute. «Haurrekin datozenek parkean irakurtzeko aukera izango dute, txikiak bertan daudela».

Begiraleak

Liburuen Parkean bi begirale egongo dira, eta haurrentzat arreta berezia jarriko dute; hala nola liburuak irakurtzen, margotzeko materiala ematen, mahai jolasak egiten lagunduko diete. «Izan ere, irakurzaletasuna gune desberdin batean bultzatu nahi da, uda garaian aisialdiarekin bat eginez. Horretarako parkea gune egokia iruditzen zaigu», diote aurten estreinakoz Liburuen Parkea sortu dutenek.

Liburuak maileguan hartu ahal izango dira. Sistema bera izango du, txartela erakutsi eta liburua eraman. Hala ere, ohiko liburutegiak ere zerbitzua emango du.

Goizero parkean

Liburuen Parkea goizero irekiko dute, 11:30etik 13:30era. Atzo zuen lehenbiziko eguna, eta haur ugari gerturatu zen. Gehienek margotzen eta mahai-jokoekin jolasten igaro zuten goiza. «Momentuz maileguan ez dituzte liburu gehiegi hartu. Etorri, mahaian jarri eta margotzen edo jolasten hasi dira gehienak. Gustura daude, eta gu ere bai», zioen begirale batek.

Udan ere txartelak egingo dituzte, eta zerbitzuak normaltasun osoan funtzionatuko du. Baina txartel berriak egiteko liburutegira joan beharko dute interesatuek. Era berean, ikus-entzunezko materiala ere kultur etxeko liburutegian dago. Zerbitzu hori uztailean arratsaldez itxita egongo da.

Urtarrilean hasitako eta urte osorako martxan egongo den irakurzaletasuna bultzatzeko kanpainari irailean ekingo diote berriz. «Ekimenak arrakasta handia izan du, oso gustura gaude. Tokiak mugatuak dira, eta bete egin dira. Udako etenaren ondoren irailaren 25ean hasiko gara berriro kanpainarekin, eta egun horretako saioan txotxongiloak izango dira». Ipuin kontalaria, idazketa saioak eta ilustrazio tailerrak osatuko dute aurtengo eskaintza.

 

Igerilekuan atzotik 'bibliopiszina' zabalik



Goizean parkean eta arratsaldean igerilekuan irakurri ahal izango da. Izan ere, atzo igerilekuan ere liburuen txokoa ireki zuten, dagoeneko ezaguna den Bibliopiszina. Ekimen hori ez da berria, 2001ean jarri baitzuten martxan, eta udaro izan du harrera ona, kasu horretan eguraldiak asko baldintzatzen badu ere, duen kokapenagatik. Zerbitzua 15:30ean ireki eta 20:00ak arte egongo da zabalik, egunero, uztailaren 27ra arte. Liburuak, aldizkariak eta jokoak hartu ahal izango dira maileguan, beti ere igerilekuan irakurri edo erabiltzeko. Nahikoa izango da igerilekuko karneta aurkeztea, baina karneta eduki ezean Nortasun Agiria erakutsita ere hartu ahalko dira. Liburuei dagokienez, adin guztietarako eskaintza zabala jarri dute, gaztetxoei zuzendutako argitalpen bereziak ere bai tartean.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

"Zumarragako txokoak"
ZUMARRAGA, Zelai Arizti erakusketa aretoan - 2009-06-19

Irteera

Amezketa-Egurbide-Urkute-Kobagaina-Lizarrusti
ORDIZIA, Ordiziako Mendizaleak elkartetik abiatuta - 2009-07-05

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

Lege Informazioa