
Asier Murua ð- Urolaren futbol saileko presidentea
«Urolarentzat dugun proiektua talde lanean garatuko dugu»
Kirola
Zuzendaritza Batzorde berria du Urolaren futbol sailak, eta datorren denboraldia prestatzen hasi dira lanean Murua eta batzordekideak.
idoia luzuriaga
Erronka berriak ditu aurrez aurre Asier Muruak (Zumarraga, 1976). Maila pertsonalean Malen jaio berriarekin aita izendapena estreinatu du. Kirolari dagokionez, hauteskunde prozesuaren ondoren Urolako presidente izendatu dute eta «proiektu sendo bat» abian jartzeko lanean hasi da zuzendaritza batzordea osatzen dutenen eta beste zenbaiten laguntzarekin talde lanean. Iraileko batzarrean aurrekontua, zuzendaritzako eta taldeko ordezkari berriak aurkeztuko zaizkie bazkideei.
Urolari lotuta egon zara urte askoan, ezta?
Jokalari bezala zortzi-bat urte egin ditut eta entrenatzaile bezala sei bat. Ordutik hona eten bat egin dut Urolarekiko harremanean.
Zein izan da zuen plataformaren sorkuntza prozesua?
Jendea harritu egiten da bi zerrenda izan direlako. Izan dira esan digutenak horrelako jardunetarako jendea bilatzeko zailtasuna dela ohikoena eta Zumarraga-Urretxun bi zerrenda sortu direla. Izan ere gaur egun boluntario aritzeko lana garesti dago, edozein kiroletan. Kasu honetan bazkide eta guraso talde batek hainbat zalantza genituen, eta hori eztabaidatzeko foro baten bila aritu ginen. Eskari horiek ez zuten erantzunik izan zuzendaritzaren aldetik. Hortaz, plataformak erabaki zuen ideia horiek bere egitea eta agintaritza prozesu bat irekitzen zenez hautagaitza aurkeztea. Ni talde horren ildoarekin bat nentorren. Ez nuen buruan inola ere presidente izatea, baina norbaitek hartu behar zuen ardura hori eta niri egokitu zait.
Zeintzuk dira gabezia horiek, kezka horiek?
Alde batetik bazegoen arazo bat, jendeak futbola garaia baino lehen edo gazterik uzten zuelako. Badago adin kritiko bat kanpora ikastera joaten direnean futbola uzten dutenekoa, baina ikusten zenez probetxuzko jendea ageriko arrazoirik gabe taldetik kanpo zegoen. Era berean, badaude Urolatik kanpo dauden profesionalak eta elkartearentzat oso probetxugarriak izan daitezkeenak, eta horiek berreskuratu nahi genituen. Horiez gain badaude beste gabezia batzuk, baina ez dugu uste hauek orain arte zuzendaritza lanetan aritu direnei lepora dakizkiekeenik. Prozesuaren beraren ondorio dira, besterik gabe. Baina hori guztia zuzentzeko zerbait egin daitekela uste dugu.
Eta zein bide hasi duzue?
Lehen elkartea kirol zuzendaritzaren inguruan egituratuta zegoen; gure asmoa taldeka lan egitea da. Bakoitzak bere atala izango du eta atal bakoitzean kirol batzordea egongo da. Bertan egungo zuzendaritzako jendea eta zuzendaritzatik kanpo dauden laguntzaileak egongo dira. Talde lana egin nahi dugu, izan ere erabaki guztiak pertsona baten gain egon beharrean bost edo seiren gainean baldin badaude aukera zabaltzen da. Hautagai zerrendan futbol munduarekin zerikusia duten pertsonak daude, eta bakoitzaren ekarpena oso garrantzitsua izan daiteke. Bakoitzak ardura bat izango du, eta ardura hori ez da presidentearengan erabat eroriko. Urolarentzat dugun proiektua talde lanean garatu nahi dugu.
Aldaketa sakonik izango al da?
Epe laburrean ez dugu aldaketa handirik egingo. Realera joatekoak direnek barruan daramate dohain hori. Guk bideratu dezakegu eta horretan egingo dugu lan, baina ez da gure meritua. Bide horretan laguntzeko baliabideak jarri nahi ditugu. Adibidez, orain entrenatzaile ikastaroa Zumarragara ekartzeko lanean ari gara. Uztaila ez da hilabeterik onena hori lantzeko; baina, tira, orain egin beharra dago. Hogei bat pertsonako taldea osatu nahiko genuke, eta ikasleen erdiak Urretxu eta Zumarragakoak izan daitezela. Dagoeneko gure elkartean badago interesa duen jendea, eta inguruko herrietako jendearekin harremanetan jarri gara haien asmoen berri jakiteko.
Zein da lehen taldearentzat helburua?
Talde sendoa sortu nahi dugu aurrean egongo diren bi-hiru beteranoekin. Igotzea bakarrak lortzen du, baina hori da helburua.
Eta gainontzeko taldeena?
Iaz jokatu zuten jokalari guztiek jarraitzeko aukera izango dute. Orain kopuruaren arabera taldeak egituratzen joango gara. Jubenilen taldeari dagokionez ohorezko kategoria berreskuratu nahiko genuke. Jose Manuel Villar Toribio izango da entrenatzailea.
Futbol eskolak jarraituko du?
Proiektua Foru Aldunditik etorri zen eta aurreko zuzendaritzak bere proiektutzat hartu du. Hori ez zaigu egokia iruditu. Proiektua berriro aurkeztu behar badugu epea atzeratu egingo da, baina edozein modutan futbol eskolak jarraipena izango duela argi dago.
Garai eta Urbizu, lehen taldea zuzentzeko lanetan
Lehen taldea
Urola talde sendoa osatu nahi dute, jubenilak eta ezagutza eta beteranotasuna duten jokalariak batuz.
i. luzuriaga
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ikastaroa
Areto-dantza ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Jubilatuen egoitzan - 2008-10-01
Zinema
'La Escafandra y la mariposa' filmearen proiekzioa
BEASAIN, Usurbe Antzokia - 2008-10-16
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.