Turismo zerbitzua hobetzeko bulego berria ireki dute Urretxu-Zumarragan
Urretxu-Zumarraga
Bi herriek elkarlana egingo dute turismoaren arloan ere, asteazkenean Areizaga kalean inaguratu zuten bulegoarekin.
idoia luzuriaga
Asteazken iluntzean Urretxu-Zumarragako Turismo Bulegoa inauguratu zuten Urretxuko Areizaga kaleko 12. zenbakian. Bi herrien muinean dagoen toki horretan Urretxu-Zumarragako turismo eskaintzaren berri emango dute bi teknikarik. Baina horrekin batera Goierri osoko informazioa jaso ahal izango dute bertara gerturatzen direnek, baita Gipuzkoa osokoa ere. Dena den, Urretxu-Zumarragan aurretik turismo informazioa ematen zuten guneetan oraindik ere lortzeko aukera izango da, Antion esaterako; baina bulego berria informazio gune propio bilakatuko da.
Inaugurazio ekitaldia
Inaugurazio ekitaldian Iñaki Zabala Urretxuko alkatea eta Mikel Serrano Zumarragako jarduneko alkatea izan ziren, bi herrietako udal ordezkari eta herritarrekin batera. Zinta mozketa egin aurretik, bi ordezkariek «gure herriotan turismo arloetan zer saldu» badagoela azpiamarratu zuten. Iñaki Zabalaren arabera «herri politak ditugu, txukunak». Antio, Legazpi dorretxea, Zumarragako plaza ederra, «ezagutzera gutxi eman dugun Urretxuko gune zaharra», jauregiak, Aikur eta Mineral eta Fosilen museoak eta Tourseko Martin Deunaren eliza azpimarratu zituen, besteak beste.
Zumarraga-Urretxun «jendearen kalitatea ere nabarmentzekoa» da Urretxuko alkatearen iritzian. «Bisitariak gustura eta eroso sentitzeko beste pauso bat gehiago eman dugu», esan zuen Zabalak, bulegoari erreferentzia eginez.
Mikel Serranok ere azpimarratu zituen Zabalak aipatutako lekuak. «Orain arte ez genuen honen guztiaren berri emateko gune propiorik, eta hementxe da. Gainera turismoa momentu honetan lantzen ari garen plan estrategikoan garrantzi handiko arloa da». Serranok ere «giza balioa» azpimarratu nahi izan zuen, «ikusteko toki asko badago ere».
Era berean, bulego berria eskualdean daudenen osagarri dela garbi utzi zuten inaugurazioan. «Uggasa, Lenbur, Igartubeiti eta beste zenbaiten ekarpena oso garrantzitsua da gai honetan. Bai Urretxu-Zumarragak, bai inguruan duenak potentzial handia dutela uste dugu arlo honetan», esan zuen Serranok.
Elkarlanean
Ireki berri den turismo bulegoa Zumarragak eta Urretxuk hainbat proiektu elkarrekin lantzearen «beste adibide» bat dela nabarmendu zuten, kale-garbiketarekin edo trafikoaren planarekin batera, esate baterako.
Azkenik, bulegoa dagoeneko irekita egoteko «bi herrietako teknikariek azken egun hauetan egindako lan handia» eskertu zuten udal agintariek.
«Antzematen goazen beharren eta eskariaren arabera joango gara bulegoa egokitzen»
Cristina igartua ð- Turismo bulegoko teknikaria
Urretxu-Zumarraga
Turismo bulegoan bi teknikari egongo dira; bertako zein inguruko informazioa emango dute.
i. luzuriaga
Cristina Igartua (Zumarraga, 1965) Urretxu-Zumarragako Turismo Bulegoan bisitariak hartuko dituen pertsonetako bat izango da. Karen Alberdirekin batera bi herrietako eta eskualde osoko informazioa emango die bertara hurbitzen diren bisitariei.
Zein egunetan egongo da zabalik bulegoa?
Hasiera batean asteartetik igandera bitartean egongo gara hemen. Goizetan 10:00etatik 13:30era eta arratsaldetan 16:00etatik 19:00etara. Dena den, ordutegia beharren arabera egokituko dugu.
Zein zerbitzu emango duzue?
Zumarragan eta Urretxun ikusteko dauden tokien berri emango dugu. Horrez gain gure eskualdearen ondarearen berri emango dugu, eta orokorrean turistek edo bertakoek arlo honetan jakin nahi dutenari erantzuna ematen saiatuko gara, egokitutako materialarekin lagunduta.
Bisitatzeko tokiez gain jatetxe eta bestelako zerbitzuen berri emango al duzue?
Bai, informazio mota hori emango dugu. Esate baterako, non bazkaldu daitekeen, menuak edo plater konbinatuak ematen diren, noiz dagoen irekita... Lo egiteko tokien berri eta beste mota batzuetako zerbitzuen berri ere emango dugu. Gainera, antzematen goazen beharren eta eskariaren arabera informazioa eta zerbitzua egokitzen joango gara. Horrekin batera Aikur edo Mineral eta Fosilen museoetako produktuak salgai egongo dira, eztia eta mineralak. Pott zeramika tailerrean egindako lanak ere ikusgai izango dira... Bi herriotan argitaratzen diren liburu, aldizkari edo bilduma bereziak, agendak eta abar ere hemen egongo dira eskuragai.
Eta bisitei dagokienez, zein da eskaintza?
Bi herriek asko dute erakusteko. Inaugurazio ekitaldian adierazi zen bezala, eskaintza zabala da zentzu horretan. Gainera, aurrerantzean Tourseko San Martin elizan edo Legazpi dorretxean bisita gidatuak egitea gustatuko litzaiguke. Hori prestatzen ari gara, eta beste zenbait ideia ere badaude. Bulego honek udatik harago eman dezake zerbitzua, eta kanpotik datozen turistei baino jende gehiagori ere bai. Taldeak, eskolako umeak eta beste zenbait jende izan daiteke erabiltzailea. Egitasmo gehiago ere badago, baina oraintxe hasi berri gara eta oraindik ezin daiteke zehaztu.
Antion aldaketarik izango al da?
Ez, momentuz berdin jarraituko dugu. Han Jesus Perez dago, eta berak hartzen ditu bisitariak. Han ere informazioa lortzeko aukera egongo da, foileto desberdinekin.
Bulego hau eskualdean dagoen gainontzekoen osagarri izatera datorrela esan da.
Bai, hala da. Orain arte Antion informazio puntua zegoen baina bulegorik ez Urretxu-Zumarragan; eta hau bai Mirandaolako, bai Goierriko beste puntuetan dauden bulegoen osagarria da.
Zentzu horretan, Urretxu-Zumarragako turismo eskaintzaz gain, toki gehiagoetakoaren berri emango duzue?
Bai. Mirandaola, Igartubeiti, Zerain, Arrikrutzeko kobazuloak, Arantzazu, Segura, Azpeitiko tren museoa, Ignaziotar Lurraldea... Orokorrean Zumarraga-Urretxutik gertu dagoen eskaintza guztiaren eta Gipuzkoa osoaren berri emango dugu, eta horren guztiaren informazioa jasotzen duen materiala lortu ahal izango dute bisitariek hemen.
Bi herrien artean zabalduz doa turismo eskaintza
Urretxu-Zumarraga
Bi herrien arteko esfortzuak batzen ari dira gai batean baino gehiagotan; turismo bulegoa horren isla da.
m. luki
Urretxu-Zumarragako Turismo Bulego berrian bi herrietako eskaintzaren berri emango diete bisitariei. Bulegoan bertan ikus daitezkeen monumentu eta gune guztiei buruzko liburuxkak dituzte, baita inguruko herrietan ikus daitezkeen guneei buruzkoak ere.
Antioko baseliza (Zumarraga). Euskal Erromanikoaren adibide garbia, baselizen artean
katedrala dela diote askok. Elementu gotikoak ere baditu. Beharbada deigarriena zurak eta harriak elizaren barruan egiten duten fusioa da. Bisitari ugari jasotzen ditu, batez ere udan.
Tourseko Martin Deunaren eliza (Urretxu). Erdi Aroan eraikitakoa da, ustez Urretxuko herriaren sorrerarekin batera. Barrualdean Berpizkundeko formak ikus daitezke, gotikoak eta baita barrokoaren etorreraren aztarnak ere. Funtzio erlijiosoa izateaz gain, defentsarako erabiltzen zutela ere badiote adituek. Elizaren edertasuna behar bezala ustiatzeko asmoz, bisita gidatuak eramateko asmoa dute Turismo Bulegoan.
Mineralen eta Fosilen Museoa (Urretxu). Mundu osoko mineralak, fosilak eta harriak ikus daitezke Urretxuko museoan. Mila piezatik gora daude. Helburua gune horri ere ahalik eta proiekzio handiena ematea da.
Legazpi dorretxea (Zumarraga). Miguel Lopez de Legazpi Filipinar Uharteen konkistatzailea jaio zen etxe horretan, XVI. mendearen hasieran. Estatu mailan Monumentu Historiko-Artistiko gisa izendatuta dago. Aurreko mendeko 90eko hamarkadan berrikuntza lanak egin zituzten, eta etxea jarduera kultural askotarako erabiltzen da. Turismo Bulegotik diotenez, dorretxera bisita gidatuak egiteko asmoa dute.
Urretxuko Gune Zaharra. Balio historikoa eta artistikoa du. 1383an sortutako herriaren aztarnak han daude.
Aikur erle museoa (Urretxu). Erleen bizitza ezkutua eta harrigarria ikus daiteke; naturan erleek duten eginkizuna eta gizakiak lortzen duen probetxua aztertzeko aukera ere ikas daiteke. Santa Barbara ermitarako bidean dago. Aikurren egindako produktuak jarriko dituzte Turismo Bulegoan.
Horiek dira, besteak beste, Urretxu-Zumarragak eskaintzen dituen gune eta monumentu batzuk. Areizaga-Kalebarren plazako bulegoan horien guztien berri emango dute.