Edukira joan

Goierriko Hitza

Goierri
2009ko uztailak 4, Larunbata

Harpidetu zaitez!

Zuri, Jesus Segurola

Iritzia

Andoni Salamero

Idazlea

Kaixo Jesus:

Bihotz mamitik idazten dizkizut gordeta neuzkan hitzok zure irudiaren memorantzan. Orain arte ez nekien zer esan, nola adierazi eta gaur hori egitera ausartu naiz, beharbada, gure ondotik joan zinenetik, ezer esateko beharra sentitzen hasia nintzelako. Samina eta pena handia utzi duzu maite zintugun adiskide eta ezagunongan, zure izaera apal eta onberak guretzat itzal handia zuelako, zurekin aritu izan garenontzat eredugarri zinelako.

Egun hauetan Santa Isabeletako festatan zutaz oroitu naiz egoera askotan. Esate baterako, Antioko bederatziurrena egiten aritu naizenean. Hantxe ikusten zintudan atzeko eserlekuetan, erne, leial, maite zenuen zure Ama Birjinari otoitz egiten -zuk egin zenuen Antion dagoen Ama Birjinaren kopia bat, Santa Isabeletan bertako zumarragarrek baselizaren kanpoan lepoan eraman zezaten-, bai, ikusten zen hari mira handia zeniola, horrexegatik zure izaera xume hartan, isilpean, goresten zenuen. Zenbatetan Antion elkarrekin geundenean ez ote zenuen miretsi eliza bera eta barruan egindako lana, zuk makina lan egin izan duzu musu truke, Antio zuretzat bigarren etxe bat zen, zalantzarik gabe.

Eta Beloki? Bihotzez maite zenuen mendi hura, baina beti aitortzen zenuen bezala, iraganeko, aspaldiko Beloki hura, pinuz eta sasiz josia ez zena, zure haurtzaroan garbi eta hesirik gabe ezagututakoa; bai, zinez aurrerago Itarten egindako argazki erakusketa batean ikusi izan nuen argazki zahar hura, aurrez aurreko paisaia bikain hura, segituan ulertu nuen zuk zeure baitan bizirik zenuen Beloki maite hura zergatik goraltzen zenuen, haren izpirituak zugan zirauelako.

Eta txistuaz, zer? Zenbat txistularik, Euskal Herri osoan, hainbat eta hainbat kalejiratan ez ote du zuk eginiko txisturik erabili eta jo? Bai, hala da, zuri eta Barriori esker, zuk txistuak eginez eta Barriok atabalak, Zumarraga eta Urretxu herrien izena Euskal Herrian barna lau haizetara zabaldu duzue; arrastoko bi gizon handi zarete, bai Jauna! Txistuak bere samina bizi badu ere, zure izena eta izana goresten ditu, zure Gogoak hainbat eta hainbat euskal gaztetan bizi-bizirik irauten duelako. Gaur txistuari izan zenion maitasunaren ordain, Zumarragako trintxerako plazan, hantxe dago ezarria zuk diseinatutako eskultura, guztion erakusgarri.

Eta euskaraz, zer esan berataz? Hauxe zen, sarri askori azpimarratzen zeniguna, zure gurasoek eman ziezazuketen altxorrik ederrena zela, bitxirik preziatuena, ahoz aho antzinatik zetorkigun EUSKARA. Zuk berataz aritzean letra larriz, errespetuz eta bizipozik, maitemindurik hitz egin, maitatzen, gogotzen, pizkortzen eta zeure egiten zenuen EUSKARA, beregan oso sinesten zenuelako. Zuretzat garrantzitsua zen horrelako hizkuntza zaharra gaur egun, gure garaian, gure artean izatea. Bazenekien izaditik zetorrela, euskararen beraren zuztarrak hantxe zeudelako, baina euskaldunok gure iragana ukatzen genuen sentsazio ozpina dastatzen zenuen zeure baitan, nahiz eta tinko eta zutik jarraitzen zenuen lanean. Zure hitz hauek dira esandakoaren erakusgarri: «Jendeak beldurra dauka euskara izaditik datorrela esateko, izadia eta gizakiaren arteko harremanetatik sortu dela esateko».

Bai, Jesus, arrazoi zenuen eta arrazoia izaten jarraitzen duzu, euskara izaditik dator, euskarak garbia behar badu, izaera garden eta argia behar du, eta ez hori bakarrik, bere izaera garbi eta argi hori babestu, sustatu, bultzatu eta maitatuko dituzten euskaltzaleak, beren barruko egoskorkeriak alde batera utziz, ur jauzia bezala, eskuzabal izaten ikasiko dutenak, txoriaren hegada askea behatuz bere gogoa askatzen jakingo dutenak, haizearen zingiritasuna somatuz haren besarkada betea antzematen ahaleginduko direnak, gizaki zabarrak izan gabe txistua bezain arin eta jostari, egurra zizelkatzen duen artisauaren antzera, patxadatsu bere lana egiten saiatuko direnak, bere apaltasuna gizartean ikurrin bihurtuz gizakien bihotz-begiak eraldatzen joango direnak; zuk egiten zenuen bezala, Jesus, Jesus Segurola, lagun, bidaide eta gogaide. Barren-barrendik jaso ezazu bihotzetik bihotzerako besarkada.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

XVI. mendeko jantzien erakusketa
SEGURA, Ardixarra etxean - 2009-06-15

Ikastaroa

Tenis ikastaroa
IDIAZABAL, Idiazabalen - 2009-06-29

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.

Lege Informazioa