
aritz lasa ð- Pilotaria
«Balio handia izan du niretzat Iruñeko garaipenak»
Pilota
Nafarroako lau t´erdiko txapelketa irabazi berri du Aritz Lasak, Nagoreren kontra; denboraldiko garaipenik garrantzitsuena izan da.
miriam luki
Aritz Lasa (Urretxu, 1983) Goierri elkartearen pilota eskolako harrobian ondutako pilotaria da. Berarekin batera hasi ziren gaztetxo guztien artean Lasa da pilotan jarraitu duen bakarra. Profesional mailan dabil urte bete pasatik. Orain arteko ibilbidean gaina uztailaren 13an jo zuenm Iruñean jokatutako Nafarroako lau t´erdiko finalean. Lasak jantzi zuen txapela, Jorge Nagoreri irabazita.
Egun batzuk iragan direnean, nola gogoratzen duzu Nagoreren kontrako partida?
Nagorek hiru aldiz irabazi du Euskal Herriko txapelketa lau t´erdian, bere gaitasunik handiena sakea da eta lehenengo hiru puntuak berak egin zizkidan sakez. Orduan galduko nuela pentsatu nuen, baina martxa hartu nuen eta partida osoan zehar aurretik joatea lortu nuen. Azken txanpan aurrera egin zuen Nagorek markagailuan; arriskatu egin zuen, ordea, eta jokaldia ez zitzaion ondo atera. Eskerrak niretzako.
Horrelako partidetan gozatzen al du pilotariak?
Tarteka bai, baina ardura gehiegi ere bada. Seirehun eta berrogeita hamar bat lagun zuri begira daude eta horrek tentsioa sortzen dizu.
Urretxuar askoren babesa ere izan zenuen Iruñean, ezta?
Bai, lagun eta afizionatu asko joan ziren finala ikustera. Autobus bat bete zuten eta eskertzekoa da han emandako babesa.
Txapela zure buruan ikusten al zenuen aurretik?
Partida hasi aurretik 21 eta 22ko markagailuarekin konformatzen nintzela uste nuen, nire kontrako markagailua, alegia. Izan ere, Nagoreren kontra neurtu behar bainuen. Hala ere, partidak aurrera egin ahala irabaz nezakeela ikusi nuen.
Profesionaletan zabiltzan denbora honetan, zer nolako balorazioa egingo zenuke egindakoaz?
2007. urteko maiatzean Frontis enpresarekin hasi nintzen eta ordutik txapelketaz txapelketa ibili naiz. Ondo ibili naizen arren finalaurrekoak eta finalak galdu ditut. Horregatik, Nagoreren kontrako garaipenak balio handia izan du niretzat.
Uda parte hau zuentzat lan egiteko garaia da, ezta?
Herrietako festetan partidak jokatzen ditugu. Partida hauetan gehiago goza daiteke, ez duzulako hainbesteko ardurarik. Iaz hamahiru partida jokatu nituen abuztuan eta zortzi uztailean. Nahiz eta gehiago jokatu behar izaten dugun ondo pasatzen dugu, beste lasaitasun batekin jokatzeko aukera izaten dugu.
Sei urte zenituenean hasi zinen pilotan.
Aita Goierriko pilota saileko delegatu bezala hasi zen. Orduan hasi ginen anaiarekin eta lagunekin pilotan jokatzen.
Zu bakarrik geratu zara belaunaldi hartako jokalarietatik.
Bai, zaila da jarraitzea. Nik kirola egiten jarraitzeko modu bat bezala ikusi nuen. Aukera asko ere eman dizkit pilotak, bidaitzeko eta baita jende desberdina ezagutzeko ere.
Profesionaletara iristeko helburua al zenuen?
Niretzako pilota afizioa da. Badirudi profesionaletan ez bazaude ezin duzula pilotan ezer ere egin, baina afizionatu mailan ere partida asko jokatzeko aukera izaten da eta baita dirua irabaztekoa ere. Pilotarekin dirudun ez zara egingo, baina dirua ematen du pilotak.
Eskuekin sufritu izan duzu. Zer moduz dauzkazu orain?
Profesionaletan hasi nintzenean Iruñera entrenatzera joaten hasi nintzen, eta eskuak hobeto dauzkat ordutik. Lehen nire kasa entrenatzen nuen, eskuak berotu eta pilotari joka hasten nintzen besterik gabe. Astean bitan joaten naiz orain Iruñera entrenatzera.
Urretxuko jaietan jokatuko al duzu Ederrenan?
Bai, pentsatzen dut baietz. Etxean jokatzea oso polita da, jendea gogoz etortzen da frontoira.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Musika
Santa Zezilia zikloa
ZUMARRAGA, - - 2008-11-20
Musika
Yaw, Sus Scrofa eta Harrika taldeen kontzertua
ORMAIZTEGI, Txosna gunean - 2008-11-21
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.