
Haurrentzako gune berezia izango da Mendiaraz plazan Santa Anastasia jaietan
Urretxu
Datorren astean 'santanastasietarako' giroa berotzen hasiko dira film laburren zikloarekin eta jubilatuen egunarekin.
miriam luki
Santa Anastasia jaietako txupinazoa irailaren 19an botako dute Urretxun. Festetako egitarauaren eskema ohikoa izango bada ere, aurten berritasun bat baino gehiago daude. Berri horien ardatzak bi dira, alde batetik haurrentzako programazioari gune berezi bat egokitu diote: Mendiaraz plaza izango da herriko txikien bilgune. Bestalde, eta bide batez, jaiak Gernikako plazaren inguruan soilik kontzentratu baino, nahiago izan dute Urretxuko auzoetara zabaldu.
Jaiak antolatzeko lanak ekainean hasi zituzten. Gorka Garmendia Kultura zinegotziaren arabera «etorriko diren taldeen kontratazioak eta abar egiteko lehenago hastea egokiago zela ikusi genuen». Umeentzako prestatutako ekitaldi guztiak gune berezi batean batu nahi izan dituzte. Umeei espazio bat eskaintzeaz gain, jaiak herriko auzoetara zabaltzeko xedea ere betetzen du erabakiak.
Mozorro dantza
Iaz bezala aurten ere haurrei mozorrotzeko aukera emango diete. Mozorro-dantza hilaren 19an izango da, jaietako lehenengo egunean, Mendiaraz plazan. Ume txikiagoentzat ludoteka ipiniko dute, eta Urretxun bertan sortu berri duten kultur animatzaileen Xipi taldeak gidatuko du jolasgunea.
Mozorro dantzan parte hartzen duten haurrak Mendiaraz plazan jasoko dituzte erraldoiek, txupinazora eramateko. Larunbatean umeentzako herri kirolak izango dira, baita zirkoa ere. Astelehenean haurrentzako parkea eta bat eta lau urte bitarteko haurrentzako bereziki prestatuta plastikozko motoen lasterketa izango da.
Jaien aurretik
Datorren astean hasiko dira jaien inguruko zenbait ekitaldi. Ostiraleko gaua, irailaren 12koa, Film Laburren Gaua izango da Labeaga aretoan. Ostiralean bertan profesionalen arteko pilota partidak hartuko ditu Ederrena frontoiak: Aritz Lasa urretxuarrak jokatuko du tartean. Sarrerak salgai daude jada Ederrenan, 10 euroan.
Larunbatean, hilak 13, Txalaparta Eguna izango da. Zuhaitzaren Soinua Kolektiboak egitarau oparoa prestatu du egun horretarako. Joko integratzaileak ere larunbat horretan egingo dira. Urola Garaiko gutxitu fisikoen elkarteak antolatutako ekintza horrek ere haurrei protagonismo berezia emango die.
Igandean jubilatuen eguna ospatuko dute Ederrenan laurehun bat erretiratuk. Egun bererako Mairi emakume elkarteko kideek Herriarteko Eguna prestatu dute; Areizaga-Kalebarren plazan izango da.
Horrez guztiaz gain, irailaren 13-14ko asteburuan Goierriko Txirrindulari Itzulia ere jokatuko da Urretxun eta Zumarragan, eta baita artzain txakurren lehiaketa ere Santa Barbarako zelaietan, irailaren 14an, igandearekin.
Bertso Eskola pregoilari
Santa Anastasia jaiei hasiera emango dien txupinazoaren aurretik Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolako kideek pregoia esango dute. Jai Batzordeko kideek aurtengoan bertso eskolako partaideak aukeratu dituzte zeregin horretarako. Iaz bezala mokadutxo bat eskainiko diete jaietako antolaketan parte hartu duten urretxuar guztiei. Askaria udaletxean egingo dute. Hortik aurrera, festak pil-pilean Urretxun.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Bilera
"Makilari" herri aldizkaria prestatzeko bilera
GABIRIA, Udaletxean - 2008-11-20
Festak
Eleganteen Eguna
ORMAIZTEGI, Ormaiztegin - 2008-11-22
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.