
Euskal Herriko txalapartariak Urretxun elkartuko dira larunbateko festan
Urretxu
Zuhaitzaren Soinuak Txalaparta Eguna ospatuko du larunbatean Urretxun, txalapartarien lau urteroko bategitea.
Alex Areizaga
Larunbat honetan Zuhaitzaren Soinua Kolektiboak (ZSK) Urretxun eta Zumarragan ospatuko du laugarren Txalaparta Eguna. Lau urtero egin ohi den festa da, eta Euskal Herriko txalapartariak bilduko dira Urretxuko jaian. 1992an sortu zen ZSK taldea, eta 1996.an antolatu zuten lehenendabiziko aldiz Txalaparta Eguna . Ordundik lau urtez behin ospatu da, Olinpiar Jokoen urte berean.
Ez da egun hori hala ere, ZSK-k aurten aurrera eraman duen ekimen bakarra. Otsailetik ekainera ikastaroa eskaini zuten; udaberrian ikastetxeetan aritu ziren 3. DBHkoei txalapartaren gaia gerturatzen; eta, azkenik, ekainaren 20an Txalaparta Gaua ospatu zuten Antion, arrakasta handia izan zuena. Urtea borobiltzeko, larunbatean IV. Txalaparta Eguna ospatuko dute Euskal Herri osotik etorritako txalapartariekin batera.
Egun guztian ekitaldiak
Egun osoko egitaraua prestatu dute aurtengo festarako. Eguerdiko hamabietan hasiko dute eguna, Urretxuko eta Zumarragako kaleak zeharkatuko dituen kalejirarekin. Batukadaren laguntzaz eta txalapartak sorbalda gainean hartuta, bi herrietako kaleetan barrena zuhaitzaren soinua barreiatuko dute txalapartariek. Era berean, goiz osoan zehar hainbat artista horma-irudiak margotzen ariko dira Areizaga-Kalebarren enparantzan, eta 13:00etan sagardo dastaketa hasiko da leku berean. Horrekin batera, txalaparta saio libreak eskainiko dituzte, eta nahi duenak jotzeko aukera izango du.
Arratsaldean sagardo dastaketa eta txistor jana izango dira Urretxuko Abenidan, trikitilariek girotuta. Bertan inguruko herrietako txalapartazaleak ere izango dira, eta berriro ere nahi duenak txalaparta zein danborrak astintzeko aukera izango du.
Euskal Herriko txalapartariak
Afalostean txalaparta jaialdia ospatuko da Iparragirre plazan. Jaialdirako Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako txalapartarien laguntza izango dute. Han izango dira: Mendiaraz anaiak (Urretxu), Harresian Zulo (Gasteiz), Zugarramurdi taldea (Sestao, Bizkaia), Irungo txalapartariak, Baigorriko txalaparta taldea (Nafarroa Beherea), Jo Ala Jo kultur elkartea (Baztan, Nafarroa) eta Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa hain zuzen ere. Euskal Herriko herrialdeen sei harmarriak ordezkatuko dituzte talde horiek.
Antolatzaileek, hala ere, txalapartariez gain jaialdian parte hartuko duten beste protagonistak ere azpimarratu nahi izan dituzte, musika eta kultur munduko hainbat pertsona ere bilduko baitira: albokariak, abeslariak, trikitilariak, dultzaineroak, tobera jotzaileak, bersolariak...
Txalaparta Egunarekin lotuta, ZSK-ko kideek erakusketa ireki dute Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Irailaren 5etik 14ra bitartean izango da ikusgai Enbor Zaharra, adar berria, adaskak izenpean, eta Zumarraga-Urretxun txalapartak izan duen ibilbidea ikusteko parada ezin hobea eskainiko du.
Izenburuan hiru atal bildu nahi izan dituzte: Enbor zaharra txalapartaren gaia bera da; adar berria Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa, txalapartaren munduko adar berria; eta adaskak eskoletan txalaparta ikasi duten ikasleak, gerora begira taldearen etorkizuna izan daitezkeenak. Hori horrela, erakusketa hiru zatitan banatzen da. Batetik material didaktikoa dago, txalapartaren gaia azaltzen duena. Bigarren ZSKren historiako argazkiak bildu dituzte; azkenik 3. DBHko ikasleek eginiko sormen lanak ere badaude ikusgai.
3. DBH-ko ikasleei ikastaroak ematen
txalaparta eguna
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
"Zumarragako txokoak"
ZUMARRAGA, Zelai Arizti erakusketa aretoan - 2009-06-19
Kirola
Futbol 7 txaplketako final eguna
LEGAZPI, Bikuņa futbol zelaian - 2009-07-04
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.