
2008-02-09 | 19:40:10
Enrike Zurutuzak aurkeztu du Felipe Arinen biografia
Epaile ataundarraren bizitza aztertu du
Albaitaritzan eta kulturan lanean jardundako Enrike Zurutuzak (Ataun, 1917) gaur eguerdian aurkeztu du Ataungo udaletxean "D. Felipe Arin Dorronsoro (1881-1941). Epaile magistratua" liburua. Telleriazpi baserrian jaiotako Felipe Arinen bizitza ikertu eta bildu du Zurutuzak, abokatutzan eta magistraturan XX. mendearen lehen erdian famatu izan zen ataundarraren biografia osatuz.
Felipe Arin Dorronsoro (Ataun, 1881-Zarautz, 1941) epaile entzutetsu izan zen Madrilen. Aurretik Azpeitian, Lizarran, Castro Urdialesen eta Segovian aritu zen epaile. Abokatutzan, 1921eko Aralarko auzi entzutetsuan artzainen alde lan egin zuen, Diputazioak zeukan egitasmo bat (1.000 hektarea lur baso bihurtzekoa) atzeraraziz.
Gaur (larunbata) eguerdiko aurkezpenean liburuan bildu dituen zenbait zertzelada aipatu ditu Zurutuzak, berak Madrilen ezagutu zueneko pasadizoak gogoratuz.
Liburua Ataungo Udalak eta Atauniker kultur elkarteak babestu eta argitaratu dute. Elkarteko Jexux Aizpuruak, berriz, Enrike Zurutuza bera izan du bere hitzaldi-sarreran hizpide. Albaitaria lanbidez, kulturan eta euskalgintzan lan ugari egina dela gogoratu du. La Voz de Guipuzcoa irratiko irrati-nobelak "Joxe Migel" izengoitiarekin (baita herrian ere) ezagutzen zela aipatu du, eta antzerkian, itzulpengintzan ("Etumetako basajauna" euskaratu zuen), RSBAPen Luberri aldizkarian, Goiz Argi-n, La Voz de Espaņa egunkarian eta beste argitaratu zituen artikuluak (1.500 inguru egunkarian, 340 bat euskaraz) goraipatu ditu.
Hitza Administratzailea | 2008-03-11
Mezu hori idatzi duzun webgunearen atal horretan azken orduko albisteak soilik agertzen dira, edizio digital jarraitukoak. Bestetik, "Papereko edizioa" kontsulta dezakezu Atauni buruz argitaratu diren albiste guztiak irakurtzeko. Goierriko Hitzan egunero ateratzen diren albisteak, eguneratuak, sail horretan aurki daitezke.
Ni | 2008-03-04
Hitzak aurrera segitzen ahal du edo ia ez da gehiago aktualizatu behar. Ataungo berriak behintzat ez dira eguneratzen. Zergatik? ez bada eguneratu behar esan, denbora alperrik ez galtzeko.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Bittor Oroz alkatea, Enrike Zurutuza liburuaren egilea eta Ataunikerreko Jexux Aizpurua, liburuaren aurkezpen ekitaldian.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.