
jesus iturbe ð- Korta Saria jaso duen enpresaria
«Egumendin produzitzen dugunaren %80 esportatu egiten dugu egun»
Ekonomia
Iturbek Korta saria jaso du aste honetan Gasteizen egindako sari banaketan; enpresa munduan nabarmendu izanagatik jaso du Eusko Jaurlaritzaren aipamena.
miriam luki
Jesus Iturbe Urretxun jaio zen 1940. urtean. 1973an Egumendi enpresa zabaldu zuen Felix Urzelairekin batera. Gipuzkoako enpresarien Adegi elkarteko etapa guztiak ezagutu dituela dio, izan ere elkarte horretako bazkidea da hasieratik. Zumarragan bizi da ezkondu zenetik, eta politikagintzan ere aritu da, EAJ alderdiaren barruan eta udal zinegotzi. Aste honetan Korta Saria jaso du lehendakariaren eskutik Gasteizen.
Zer suposatu du zuretzako Korta Saria jaso izanak?
Poz handia. Juan Mari Korta lagun handia nuen, eta horregatik sari hau bereziagoa da niretzat.
Enpresa munduan nabarmendu izanagatik eman dizute. Zeintzuk izan ziren zuren lehen urratsak?
Hamalau urte bete nituen arte Eskola Nazionaletan ikasi nuen eta ondoren lanean hasi nintzen. Juan Unanue enpresan enkarguak egiten nituen. Handik Madayako bulego teknikora joan nintzen eta han asko ikasteko aukera izan nuen. Nahiko larri ibili nintzen hasieran, nire formazioa eskasa zelako, baina gauean eskolak ematen zituzten eta martxa hartzen hasi nintzen. Bederatzi urtez egon nintzen Madayan.
Zer produziten zenuten Madayan?
Autoentzako palierrak eta soldadurarik gabeko hodiak. Produkzioaren prozesu guztia ikusteko aukera izan nuen. Nire eskola izan zela esan dezaket.
Madaya utzi zenuen, ordea.
Han etorkizunik ziurtatuta ez zegoela sumatu nuen eta beste lantegi batetik nire bila etorri ziren. Apaolazan sei urte pasatu eta gero beste pauso bat eman behar nuela ikusi nuen.
Orduan hasi zen Egumendiren historia?
Felix Urzelai eta ni ordurako Apaolazako bazkideak ginen. Gure zatia txikia zen, baina han egiten ziren bost produktuetatik bat aukeratu genuen: manganesozko marruskadura xaflak.
Zertarako erabiltzen dira xafla horiek?
Trenbideetako gurpilen aldean blokeetara soldatzen dira, eta horrela gurpilak urratzea saihesten da. CAFen produktu hau aukeratzeko ideia eman ziguten. Iltze batzuk eskaintzera joan ginen, eta xafla horiek egiten bagenituen guri erosiko zizkigutela esan ziguten; ordura arte Frantziatik ekartzen zituzten.
Oso produktu espezifikoa dirudi.
Bai, hala da. Nik uste dut garai hartan dena egon zela gure alde. Xaflak egiteko txapa Patrizio Etxeberriaren lantegian erosi izan dugu betidanik, etxe ondoan beraz. Esan liteke guk egiten duguna jantzi osoaren botoi bat dela.
Zuen produktua gure mugetatik kanpora ere saltzen duzue, ezta?
Hasi ginenean CAFek eta Renfek inportatu egiten zituzten xafla hauek. Bi urtetan Espainia mailako merkatua gure egin genuen, eta hirugarren urtean esportatzeari ekin genion: Frantzia, Eslovakia, Errumania... Orain produzitzen dugunaren %80 esportatu egiten dugu.
Zein dira zuen enpresaren arrakastaren giltzak?
Produktu oso espezifikoa da. Enpresa txikia gara baina sektorean garrantzitsuak gara. Sei langilerekin hasi ginen eta orain hamasei-bat gara. Gainera, guk produzitzen dugun produktuaren kontsumoa ez da oso handia, baina horretara dedikatzen den tailer batentzako nahikoa da. Inoiz ez dugu gure produktuaren kalitateak txarrera egiterik utzi, kalitatea ez da eztabaidagarria.
Enpresari bezala denen ahotan dagoen krisiari buruz zer esango zenuke?
Nire ustez Euskal Herri mailan industria ez dago egoera txarrean. Goierriko enpresa handiak ondo daude. Gure arazoak, tailer ertaina izanik, lan egiteko jendea aurkitzea da, jendeak nahiago ditu enpresa handiak eta guretzat gero eta zailagoa da langile kualifikatuak aurkitzea. Krisia dagoela diote eta badirudi dena pikutara joango dela, baina ez da horrela izango.
Hamalau urterekin lanean hasita, erretiratzeko gogorik bai?
Horretan nabil. Aurrerantzean mendira joateko eta hondartzarako denbora gehiago izango dut, baita herriko politikagintzan esku bat botatzeko ere.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
"Zumarragako txokoak"
ZUMARRAGA, Zelai Arizti erakusketa aretoan - 2009-06-19
Ospakizuna
XXII. Agostinho Memoriala
ORDIZIA, Ordiziako Gaztetxetik abiatuta - 2009-07-04
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.